GARAZI DORRONSORO ETA AUXI ANGULO

"Argi genuen emakumeon proiektua izango zela Leike"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 21a, 07:03

Leike proiektuko kideak, Faktorian antolatutako azokan. / Aiaraldea.eus

GARAZI DORRONSORO GARATE (Amurrio, 1990) eta AUXI ANGULO (Menagarai, 1994) daude Leike proiektuaren atzean buru-belarri. Oihala eta artilea dituzte lan tresna. 

Sorkuntza lana edozelakoa izan leike. Zer da Leike proiektua?

Garazi Dorronsoro: Hasiera batean oihal joskintzari lotutako proiektua izan zen, baina denbora igaro ahala proiektua handitu zitekeela ikusi genuen. Orduan, hasieran ni bakarrik nengoen, eta Auxirekin batera proiektua handitu eta aniztu egin dugu. Horrela, artile eta hari-oihalak batu ditugu, eta horixe da Leike. 

"Leike hitza nire amonek erabiltzen zuten 2 euskalkietan. Argi nuen marka hau emakumeak saretzeko erabili zitekeela, matriarkatu horren oinarrian sortu baitzen"

Neska gazteak zarete biak. 

Auxi Angulo: Garazik Leike marka sortu zuen. Nik nire kabuz egiten nituen gauzak, solteki. Garazik elkarrekin gauzak egitea proposatu zidan, eta lanak banatzea (presioa apur bat baretzeko). Horrela erabaki genuen elkarrekin egitea dena. 

G.D: Horrez gain, amak ere lagundu gaitu proiektu honetan, lanak sortzen. Nik argi nuen emakumeon proiektua izango zela. Leike hitza nire amonek erabiltzen zuten bi euskalkietan,  eta argi nuen marka hau emakumeak saretzeko erabili zitekeela, matriarkatu horren oinarrian sortu baitzen. Eta horrela hazi gara orain arte.

Hainbat belaunaldietako emakumeei eginiko aitortza da, orduan, izena?

G.D: Bai. Izena pentsatzen jartzean, nire oinarrietara egin nuen so. Nondik datorkidan sorkuntza pentsatzean, beti ama eta amonaren ideiak zetozkidan burura.

Oihal eta artileak dituzue lehengai. Zer egiten duzue?

A.A: Artilearekin, batez ere, bufandak egiten gabiltza, baina etxeko apaingarriak edota umeentzat jostailu zein mantak sortu nahi ditugu. Hasieran gaudenez, apurka-apurka joango gara. Orain, batez ere, jantziak ditugu.

Joskintzarekin, berriz, Garazik poltsak, mototsekoak eta turbanteak egiten ditu; baita buffak ere. Espero dugu eskaintza zabala eman ahal izatea. Orain, zertan gabiltzan erosoago edo asetuago ari gara ikusten. Poliki-poliki ikusiko dugu zein den gure lekua.

Sortzaile zareten heinean, zer izan zaizue zailen?

G.D: Sortzaile izateko sena modan jarri da. Pandemiak norberaren sorkuntza areagotu du, etxean pasa ditugun hainbeste ordu eta egunengatik. Horrek produktu asko ikustea ekarri du. Zer egin nahi duzun erabakitzea da zailena, eta gero horiek egikaritzeko moduak topatzea. Dena den, eredu asko daude, eta hori ere lagungarria da: ez duzu ezerezetik hasi behar.

"Artisauen mundua geroz eta gehiago zabaltzen ari da, eta zaila da zure tokia topatzea mundu zabal batean, hainbeste eskaintza dagoen lekuan"

Zuen proiektuaren oinarrian, badaude ere beste belaunaldi batzuetako emakumeak. Ekoizteko moduan aldaketarik edo garapenik eman da?

G.D: Familia gehienetan ikusi dugu joskintza lana. Egia da gaur egun metodo berriak daudela. Aniztasuna anitza da: lehen arin-arin egiten ziren gauzak, seme-alaba guztientzat. Orain ez dira eredu berdinak erabiltzen guztiontzat. Gauza berriagoak daude, materiala ere anitzagoa da. Gaur egun, oihal zati bat erosteko luze egon zaitezke begira. Igartzen da egiteko era oso ezberdina dela. 

Saltzeko modua ere aldatu da. Zuek ere baduzue zuen espazioa mundu digitalean, ezta?

A.A: Bai, bi kontu ditugu; biak Leike izenekoak, Facebook eta Instagramen. Duela gutxi hasi gara gure lanak igotzen, eta hor gabiltza erakusten. Azoketan ere ibiltzen gara.

Elkarlanean aritzearen indargunetako bat da presiorik ez izatea... Emakume sortzaileek presioz bizi duzue ekoizpen edo kate prozesua?

A.A: Badugu presioa. Beldur asko ditugu gure lana berezia edo berria den pentsatzeagatik. Zalantza asko sortzen zaizkizu: nola jarri postua? Zer erabiliko dugu apaintzeko? Nolako harrera izango dugu? Elkarlanean aritzeak asko errazten digu prozesua guri. Dudak baditut, Garaziri galdetzen diot; eta askoz errazagoa da biren artean egitea. Bakarrik egitekotan, zuk hartu behar duzu erabakia, eta horrekin aurrera egin. Artisauen mundua geroz eta gehiago zabaltzen ari da, eta zaila da zure tokia topatzea mundu zabal batean, hainbeste eskaintza dagoen lekuan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide