KRONIKA

Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia: itsaso bete istorio Faktoriako portuan

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 21a, 18:00

'Olatu arteko txalupa arraroa' ikuskizunaren une bat. / Aiaraldea.eus

Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskaini zuten Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak larunbatean Faktorian. 

"Ikusten da porturik? Ez dugu ikusten baina imajinatzen dut eta haruntz goaz arraunean".  Historia eta istorioz jositako emanaldia eskaini zuten larunbatean Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikariak. Elkarrekin egin zuten Gosariak diskoa -Habana (Kuba) eta Euskal Herria lotuz- 2014. urtean; eta itsasoratutako proiektuaren aparrak ekarri zituzten Faktoriako portura. Sarrionandiak abesti bakoitzaren atzeko istorioa kontatu zuen, Osinagak trikitixa, perkusioak eta ahotsak nahasten zituen bitartean. Ordu eta erdiko ikuskizuna izan zen, txalo eta historia zaparrada artean.

10 kanturekin busti zituzten 140 ikus-entzuleren belarri eta begi-masailak. "Katuen gauzekin" abiatu zuten saioa, katu hitzaren hamaika ikuspegi eta lotura abesti bilakatuta: katu, madarikatu... "Katuen kantuak konplikatuak dira. Kantuekin batera ipuintxoak bidali zizkidan Sarrik Kubatik; erruari buruzko gogoetak... Sekulako ardura nuen sentitutakoa kantu bihurtzeko", aitortu zuen Osinagak.

Umoretik hasi arren, ertz ugari ukitu zituzten narrazio eta musika bidez. Esaterako, Habanan Ana izeneko sexu langilea lagun zuela kontatu zuen Sarrionandiak, eta haren bizimodua ardatz osatu zuela Anaren hiri arraroa kantua: "Eguna lanean pasatzen zuen  autostopa eginaz, 16:00etan umea etxeratu arte. Prostituzioan gai asko nahasten dira: amatasuna, dirua, lotsa... Gai hori planteatzen du abestiak. Amodioa ez omen da duina doanekoa ez bada".

Banketxeetako lapurrak izan zituzten hizpide ondoren, baina lapurren egoera oinarri hartuta: "Banku atrako asko egon dira: iraultzaileenak, delinkuenteenak...". Irri ugari lapurtu zituen idazle ezagunak, dena den: "Aspaldian banketxeek gainditu dute arazo hori: iraultzaile guztiek XX. mendean lapurtutakoa baino gehiago lapurtzen dute urtebetean". Korapilo ugari mahaigaineratu zituzten bi sortzaileek, oro har.
10 kanturekin busti zituzten 140 ikus-entzuleren belarri eta begi-masailak, ordu eta erdiko emanaldian zehar
 

Historiaz blai

Historiaren sokari heldu zioten hainbatetan. Adibidez, 'Durangoko plateruak' nortzuk izan ziren ekarri zuten gogora; XVIII. mendeko kanta bati helduta. "Durangoko plateruak, zilarginak ziren ogibidez. Abesti asko egin zituzten, ahoz aho heldu direnak gaur arte. Eurek egin zuten Hator-hator gabon kanta", azaldu zuen Sarrionandiak. Antza, Gasteiztik Durangorako bidean plateruak harrapatu zituzten bandoleroek, "baina abestiengatik nortzuk ziren ohartu, eta zilarrak bueltatu zizkieten". Hargatik, plateruen kantu bat bertsionatu zuten Sarrionandiak eta Osinagak, Causino filosofoari buruzkoa, "alaitasuna deskubritu zuelako Causinok". 
 
Poztasunetik maitasunera egin zuten jauzi jarraian, Saharako te kikara artean egositako gazte baten istorioa iparrorratz. "Orain 35 urte bazen Saharako basamortuan mutil bat, oso maiteminduta zegoena. Luzaro egon zen neskaren zain. Tea hartzera gonbidatu zuten egun batean. Hemengo poteoa bezalakoa da tea hartzea bertan, errituala,  3 te kikara hartzen dira han", aitortu zuen Sarrionandiak. Itxaropenari euste aldera, esaera bat irakatsi omen zioten gazteari, eta hori erakusten du kantuak: lehen te kikara bizitza bezain garratza da, bigarrena maitasuna bezain goxoa, eta hirugarrena heriotza bezain iluna. "Gaztea pentsakor geratu zen, eta horren ondorioa da kantua", kontatu zuen idazleak.
 
Arrasate izan zuen kokaleku hurrengo sormen olatuak, bertako zoroetxea hain zuzen. Jende eta gertaera ezagunak jazo ziren bertan: "Antonio Canavas del Castillo han hil zuen tiroka anarkista italiar batek, eraikina zoroetxe bihurtu baino lehen. Gero Leopoldo Maria Panero poeta egon zen bertan ingresatuta. Zoroetxeei buruzko metaforan datza abestia". Osinagak kantatu zuen gertaera hura oinarri sortutako pieza, kontraesanetan kulunka: "Zein da zoroetxea, gurea ala zure aldea?".
 
XVII. mendeko hizkera eta iruditegiko koplak mantendu dituzte Gernikan, Sarrionandiak aipatu zuenez. Bertso horietan Belenen jaiotza kontatzen da. "Egun Zisjordania da, leku oso konfliktiboa, Israelen mendean dago. Letra honetan kopla tradizionalen eta albistegietako gertaeren nahastea proposatzen da". Txalo zaparrada amaigabea jaso zuen Osinagak, kopla saioaren interpretazioagatik, goxotasuna eta gerraren gordintasuna zein krudeltasuna transmititu baitzizkion publikoari ahotsa, soinu efektuak eta indarra tartekatuta.
 
Gatazketan murgilduta, Euskal Herriak historian utzitako -edo hautsitako- markari kantatu zioten emanaldiaren amaieran. Kartzelen inguruko gogoetak zabaldu zituzten lehenbizi: "1977. urtean 24 orduko amnistia deklaratu zen Espainian, eta hori izan zen preso gabeko egun bakarra. Pentsatzekoa da gauza ez dela euskaldunak historikoki preso daudela Espainian eta Frantzian,  baizik eta kartzela direla bi estatu horiek gure herriarentzat". Erruduntasunaz aritu ziren gero, "Euskaldunok zerbait proposatzen dugunean, erresistentzian dagoenean, tontotzat edo baserritartzat gaituzte. Erru hori eraren batean asumitzea prooposatzen da hurrengo abestian. Txintxotzat hartzen bagaituzte ezer egin ez dugulako da. Errudun izateak aintzat hartzen du zerbait egin dugula gauzak aldatzeko", azpimarratu zuen idazleak.
 
Ordu eta erdiren ostean heldu ziren amaierako portura, itsasoari so. Izan ere, Greziako literaturan zein Erdi Aroan gizartearen errepresentazio gisa erabiltzen zen itsasoa, Sarrionandiaren esanetan.  "Abestia gure herriaren metafora da, itsasontzi forman: ikusten da porturik? ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu eta haruntz goaz arraunean". Eta eurekin arraunean zein kantuan bukatu zuten emanaldia, Faktoriara gerturatutako 140  lagunen babesean. 
 
Aurrerantzean, tantaka egingo dituzte emanaldiak, aitortu zutenez: "Klandestino gabiltza, saioak tentuz iragartzen ditugu; leku goxo eta epeletan egiteko. Hau da gure ondasun guztia, kantuak, kontuak eta berbak. Espazio seguruak topatu ditugu hau dena biluztu, kontatu eta konpartitzeko". Ines Osinagak Faktoriari eskertuz bukatu zuen emanaldia: "Hona gatozen bakoitzean 'bai, posible da' pentsatzen pasatzen dugu astebete. Eskerrik asko". 
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide