Tubacex taldeak 2021eko jardunaldiari buruzko txostena plazaratu du. Kutsu baikorra dauka dokumentuak baina, aldi berean, aitortu du ia 8 hilabete iraun zuen grebak kaltetu zituela bere aurreikuspenak etekinen esparruan.
Edonola ere, iazko jardunaldiari dagokionez, 365 milioi euroko salmentak lortu zituen taldeak, eta 17,5 milioi euroko mozkinak gastu finantzarioak aintzat hartu gabe. Gauzak horrela, Jesus Esmoris kontseilari delegatuak hitz baikorrak izan ditu eta uste du 2022tik aurrera emaitzak hobeagoak izango direla: "2018 eta 2019ko emaitzen gainetik egon beharko lirateke 2022koak".
2021 gatazkatsua izan zen
Tubacexek egitura moldaketak egin zituen iaz munduan dituen enpresa anitzetan eta gastuak murrizteko -30 milioi- hainbat langile kaleratu zituen. Laudion eta Amurrion 100 baino gehiago bota behar zituen, baina ia 8 hilabeteko grebaren ondoren, nahi izan zutenak lantegietara itzultzeko aukera izan zuten.
Hori izan zen, hain zuzen, taldeko emaitza ilundu zuen aldagaietako bat, eskarien murrizketarekin batera. Dena den, Aiaraldeko fabriketan 2025era arte sinatutako lan hitzarmena egonkortasun elementua izango dela defendatu du Esmorisek.
500 milioiko eskaerak eta 158 milioi kutxan
2022an sartuta, ordea, goranzko joera iragarri du zuzendaritzak eta horretarako zenbait datu jarri dute mahai gainean. Alde batetik, 500 milioi euroko balioko eskariak ditu taldeak. Bestetik, nahiz eta bere zorra igo den, 158 milioi euro dauzka kutxan, eta 2024. urtera arte maileguak ordaintzeko tartea ematen dio horrek.
Nuklearra eta gasa, etorkizun itxaropentsua enpresarentzat
Europar Batasunak energia nuklearra eta gasa trantsizio energetikorako iturri jo eta gero, eta bi sektore horietan duen esperientzia aintzat hartuta, Tubacex oso baikor agertu da etorkizunari dagokionez. Horrela, EDF enpresa frantsesaren eskari garrantzitsuak jaso dituztela jakinarazi du nuklearraren esparruan eta gasari dagokionez, Errusian, Ekialde Hurbilean, Brasilen eta Guyanan ondo kokatu dela ziurtatu du konpainiak.
Azkenik, burtsan ondo amaitu zuen 2021 Tubacexek urte gorabeheratsua izan eta gero eta 1,502 euroko balioa izan zuen akzio bakoitzak, 2020ko emaitza %6,3an hobetuta. Hori bai, otsailean, greba hasi zen hilabetean, 1,37 eurotan egon zen akzioaren balioa.