Arabako Batzar Nagusietako oposizioak mozio bateratua aurkeztu zuen atzo. Testuak eskatzen zion Arabako Foru Aldundiari ASASAM elkarteak kudeatzen duen etxebizitza komunitarioa -buru gaixotasuna duten lagun gazteentzat- ez ixtea.
Edonola ere, jeltzaleek eta sozialistek osatzen duten foru gobernuak ez du aintzat hartu proposamena. Berez, Emilio Sola Ongizate Gizarteko Diputatuak iragarri zuen zerbitzuak berriro antolatuko zituela eta, Maria Angeles Arbaizagoitia ASASAM elkarteko presidenteak Aiaraldea Komunikabidean azaldu zuen moduan, horrek albiste onak eta txarrak ekarri ditu.
Alde batetik, ikuskaritza handiko etxebizitza sortuko da eskualdean aurtengo abenduan, baina aurreko hilabetean, antza, Foru Aldundiak etengo du elkartearekin zuen ostatu-hitzarmena. Hitzarmen horren bidez, gaixotasun mentala duten 3 pertsona artatzen dira ikuskapen txikiko etxebizitza komunitario batean, eta beste bederatziri laguntza ematen zaie, bizitza independentea egin dezaten.