Gaur eguerdian zabaldu du Osakidetzak azken hiru egunetako txosten epidemiologikoa. Osasun sistema publikoak bildutako azken datuen arabera, COVID-19 birusaren 27 kasu berri baino ez dira atzeman astelehenetik asteazkenera bitartean eta aurreko asteko kopuruek nabarmen egin dute behera. Izan ere, pasa den ostegunean 69 positibo berri agertu ziren eta duela bi aste, aldiz, 41.
Zehazki, horrela zabaldu da birusa eskualdean:
- Amurrio: 2 (astelehenean 1 eta asteazkenean 1).
- Artziniega: 1 (asteazkenean).
- Aiara: 2 (astelehenean 1 eta asteazkenean 1).
- Laudio: 14 (astelehenean 5, asteartean 2, asteazkenean 7).
- Arrankudiaga-Zollo: 2 (astelehenean 1 eta asteartean 1).
- Orozko: 3 (astelehenean 2 eta asteazkenean 1).
- Urduña: 2 (asteartean 1 eta asteazkenean 1).
Intzidentzia metatuak mantendu dira
Bestalde, zabalpena moteldu denez, horrek eragina izan du intzidentzia metatuen tasetan. Udalerriei erreparatuta, Artziniegak, Aiarak, Arakaldok, Arrankudiaga-Zollok eta Orozkok mantendu dituzte euren kopuruak. Laudiok, Okondok eta Urduñak murriztu dituzte eta soilik Amurrion egin du gora.