ERREPORTAJEA

Skate Parken zaletasuna gora berriz

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 4a, 17:50
Geroz eta herritar gehiago elkartzen dira eskualdeko skate pistetan. / Andima Errazti

Goraka doa berriro ere patinatzearen eta BMX bizikleten zaletasuna Aiaraldean. Laudio eta Amurrioko skate pista berriak ongarri aproposa dira afizioaren hazkundeak aurrera egin dezan.

Skate eta BMX zaletasunak gorakada bizi izan du azken hilabeteetan eskualdean. Orube aproposa dago horretarako; izan ere, Laudioko pump track eta ‘bowl’ berriei Amurrion aurki inauguratuko den Skate Park berria gehitu behar zaie. Azpiegitura nahikoa hasi berriak diren zein eskarmentua duten kirolarientzat.

Pandemia osteak ere herritarrez bete ditu eskualdeko skate pistak. 2020ko konfinamenduaren ostean asko izan ziren, ohiko patinatzaileekin batera, skate taula edo patinak soinean Skate Parkera atera ziren herritarrak. Horrela nabarmendu zuen, adibidez, Sergio Gonzalez skaterrak Aiaraldea Komunikabidearekin 2020ko abuztuan egindako elkarrizketa batean: “Konfinamenduaren ostean, afizioa aspaldi abandonatutako herritar asko berriro ere etorri dira gurekin batera patinatzera”.

Gauzak horrela, jendez lepo egon izan dira Lamuza Parkeko pistak, uda sasoian bereziki, eta hainbat behar azaleratuz joan dira azken hilabeteetan. Pista zaharrak dira Lamuza Parkekoak, eta erabiltzaileen etorrera handiak txiki utzi ditu.

Polemika artean

Laudioko patinatzaileen beharrak Udalaren asmoekin egin zuten topo. Lateorro auzoan pump track pistarekin batera skate park berria eraikitzeko porposamena aurkeztu zuen tokiko administrazioak, baina proiektua ez zetorren bat patinatzaileen nahi eta beharrekin. Udalak 40.000 euroko inbertsioa aurkeztu zuen 180 metro koadroko pista berri bat egokitzeko. Lamuza parkeko skate parkek 650 metro koadroko azalera dauka, eta erabiltzaileek egungo pista beste toki batean kokatzea eta moduluak konpontzea hobetsi zuten. “Gure ustez, benetako eta kalitatezko skate gune bat eraikitzeko diru nahikorik ez dagoen bitartean, hobe da 40.000€ horiek gaur egun daukagun Skate Park zaharra birmoldatzeko erabiltzea. Skate Park zaharra birkokatzea eta modulu berriak gehitzea zen gure hasierako proposamena, logikoena eta erabilgarriena izateaz aparte, merkeena eta ekonomikoki bideragarriena dena, hain zuzen ere”, adierazi zuten 2021eko urrian plazaratutako prentsa oharrean.

Polemikak polemika, 2022ko otsailean zabaldu zuten azpiegitura berria Lateorron 1.100 metro koadroko pump track pista batekin batera. Gaur egun dozenaka gazte eta ez hain gazte elkartzen dira bertan, eta espazioa handia ez den arren zale berri asko erakartzeko baliagarria ikusten dute erabiltzaile askok.

Etxetik oso gertu du Nerea Valle patinatzaileak Laudioko ‘bowl’ berria, eta egunero, 10 minutuz bada ere, denbora tarte bat dedikatzen dio bertan patinatzeari. Azpiegituraren hainbat behar nabarmendu ditu Vallek: “Zakarrontzi gehiago behar dira, jende asko igarotzen da bertatik eta askotan zaborrez beteta uzten dute dena. Ur txorrotarik ere ez dago”.

Pump track pistan jarri du arreta Andima Errazti amurrioarrak: “Goraka doan modalitatea da, eta Laudioko pista oso ondo dago. Ez da aurkitu daitekeen handiena, baina diseinu aldetik Euskal Herrian dagoen onenetarikoa da: hasiberri zein adituentzako egokia. Ni askotan joaten naiz”. Ez du, ordea, iritzi berdina skate pista berriari dagokionean: “Eraiki duten ‘bowl’ berria ez zait batera gustatzen. Uste dut  herrian hainbetse urtez azpiegitura duin bat eskatu duten patinatzaileak isiltzeko egin dutela soilik. Oso txikia da, ez da baliagarria esperientzia dutenentzako”.

Amurrio erreferente

Laudion bakarrik ez, Urduñan, Orozkon, Luiaondon edota Amurrion ere aurkitu daitezke patinatzeko guneak. 

“Amurrion zaletasun handia zegoen, inguruko herrientzat erreferentea zela esango nuke, baina azpiegitura egokirik ez zegoenez, jendeak albo batera utzi zuen kirola” 

Amurrion, esaterako, 2005ean bota zituzten pista zaharrak eta bertako erabiltzaileak eskualdeko beste herrietara joaten ziren patinatzera eta BMXean aritzera. Andima Erraztik urteak daramatza BMXaren gainean igota eta ondo ezagutzen ditu zaletasunaren nondik norakoak; horrela gogoratu ditu garai horiek: “Amurrion zaletasun handia zegoen, inguruko herrientzat erreferentea zela esango nuke, baina azpiegitura egokirik ez zegoenez, jendeak albo batera utzi zuen kirola”, azaldu du Erraztik.

Azkenean, asko borrokatzeari esker skate pista berri batzuk egin zituzten Amurrion, baina oso estilo zehatz bati bideratuak, ‘street’ deritzona, eta ez zituen kirolari guztien nahiak asetzen. “Horrek eragin zuzena izan zuen, eta jende askok patinatzeari utzi zion. Horrelako azpiegitura bat eraikitzerako orduan egokiena herriko erabiltzaileen beharrak aztertzea da. Ziurrenik garai hartan herrian maila altuena zuenaren iritzia jaso zuten soilik, eta horregatik egin zituzten estilo horretako pistak”.

Aukera berri bat

Amurrion aurki inauguratuko den ‘bowl’ berriaren atzean aurkitzen da Andima Errazti. “Lau urtez egon naiz borrokatzen proiektua aurrera ateratzeko. Aurrekontu parte hartzaileetara aurkeztu nuen ideia baina ez zen aurrera atera. Kirol teknikariaren atea jo nuen ostean. Ezagutzen dut horrelako azpiegiturak eraikitzen dituen arkitektura enpresa bat. Dosier bat osatu genuen elkarrekin eta Udaleko batzar batean aurkeztu genuen”.

Erraztiren temak fruituak eman zituen, eta proiektua eraikitzeari ekin zioten. “Guri eskatu ziguten aholkularitza. Horrelako proiektuak ezin ditu edozeinek gauzatu, enpresa espezializatua behar da. Nik bat ezagutzen nuen, eta gure esku egon da diseinu guztia.”

Emaitzarekin oso pozik geratu da Errazti “40.000 euro inguruko aurrekontua genuen, diru partida baxua da horrelako proiektu baterako baina emaitza oso ona izan da. Laudioko pistak izandako aurrekontu ezberdinarekin emaitza txukunagoa atera da”. Laudion baino arrapala handiagoak egin dituzte, eta horrek maila minimo bat eskatzen du, baina Andimak osagarri ikusten du Laudion hasi eta trebatu ahala Amurrioko pistara jauzi egitearen konbinazioa. “Haurrek oso azkar ikasten dute, eta ‘bowl’ txiki bat segituan geratuko zaie estu. Amurriokoak garapenerako aukera handiagoak ematen ditu”.

Erraztik argi du: “Geroz eta azpiegitura gehiago, orduan eta zaletasun handiagoa egongo da eskualdean”. Azpiegituren kalitateak, gainera, eskualdetik kanpoko kirolari asko erakari ditzakeela adierazi du ere amurrioarrak. Bere burua jarri du adibidetzat; eskualdean pista egokirik ez eta Leioako skate parkera bidaiatu izan du astero.

Inaugurazioa prest

Maiatzaren 21ean inauguratuko dute ofizialki Amurrioko skate park berria. 16:00etatik aurrera egitarau berezia prestatu dute azpiegitura jendaurrean aurkezteko. “Aukera ona da herriak ezagutu dezan zer den zehazki eraiki duguna”.

“Teresa Fernandez, Sergio Layos, Danny Leon eta Ian Ponciano arituko dira Amurrioko skatepark berriko inaugurazio ikuskizunean”

Lau profesional ekarriko dituzte egun horretarako: Teresa Fernandez eta Sergio Layos munduko BMX txapeldunak, Danny Leon olimpiadetan parte hartu duen skaterra eta azkenik, Ian Ponciano skater bermeotarra. Lau profesionalek erakustaldia eskainiko dute Ruben Alvarez speakerraren gidaritzapean. Horren ostean, lehiaketa desberdinak antolatuko dituzte eta Aiaraldeko Soinu Sistemak eta Sabin Guarestik girotuko dute arratsaldea.
Txosna bat jartzeko asmoa ere adierazi du Andima Erraztik. Bertatik ateratako diru guztia Alemaniako Share a Bike - Share a Smile elkartera bideratuko dute. Elkarte horrek BMX piezak Afrikara bidaltzen ditu.

“Urtean behin Amurrioko skate pistan horrelako egitasmo bat antolatzea da asmoa”, azaldu du Andima Erraztik. Instagram kontu bat ere sortu dute: @amurrio_skatepark. Bertara igoko dituzte Amurrioko pistatik igarotzen diren erabiltzaile ororen argazki eta bideoak.

Zaletasuna bizitzeko 11 modu

Andima Erraztik 15 urte daramatza bizikleta gainean akrobaziak egiten. Mendiko bizikleta batekin hasi zen, basabideetan jauziak egitea atsegin zuelako. Amurrion beste patinatzaile batzuk ezagutu eta bigarren eskuko BMX bizikleta bat erosi zuen bere zaletasunean urrats berri bat emateko. Urteen poderioz hainbat denda eta marka espezializatuen laguntza jaso du, zaletasunarekin aurrera egin ahal izateko.

Hainbat txapelketetan lehiatu da, tartean Santanderren eta Vigon: “Santanderrekoa izugarria izan zen, munduko BMX kirolaririk onenek parte hartu zuten bertan. Ez nuen azken kanporaketa igaro zortzigarren geratu nintzen arren, baina oso ondo pasatu nuen”.

“Erreferenteak falta zaizkigu. Nik hasieran intimidatuta ikusten nuen nire burua skate pistan”

Emakumeak taula gainera

13-14 urterekin hasi zen Nerea Valle skate taula gainean ibiltzen. Surflaria da Valle, eta surfeko teknika hobetzeko hasi zen asfalto gainean patinatzen: “Hasieran garraio-metodo bezala erabiltzen nuen, surferako baliagarria zitzaidan eta. Horrela ibili nintzen hiruzpa lau urtez, baina pikatzen joan nintzen. Asko gustatzen zait nire burua neurtzea eta autosuperatzea, orduan egin nuen salto skate pistara”.

Emakume erreferenteen falta nabarmendu du Vallek; horrek eragin zuzena du neska gazteak patinatzera animatzerako orduan. “Erreferenteak falta zaizkigu. Nik hasieran intimidatuta ikusten nuen nire burua skate pistan, giro gatazkatsu baten erdian. Zorionez aldatuz doa giro hori, eta lehenengo fatxada igarota erraz integratzen zara mundu honetan. Egun batetik bestera arrapalak jaisteko txanden barruan nengoen. Asko pozten naiz mundu honen parte izateaz”.

Patinatzaile askok bezala, Vallek ere kostaldeko herrietara jo du maiz: “Lamuza Parkean oso gutxitan aritu naiz, bertako pista ez dator guztiz bat nire estiloarekin. Sopelanako skate parkera edota Berangoko UK-ra noa gehienbat”.

Bertan ezagutu zituen emakume patinatzaile gehiago, eta hauekin guztiekin harremana estutuz garatu du bere zaletasuna. “Neska patinatzaileen ‘crew’ bat ezagutu nuen: Roll It Girl. Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek sustatutako Leinn proiektua da, eta baina espazio seguru eta atsegin bat sortu dute neska gazte gehiago patinatzera animatu daitezen”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide