Arabako metalgintza sektorean ELA, CCOO, LAB, USO eta ESK sindikatuek deitutako azken greba eguna da gaurkoa. Lanuzte eta piketeek lehen ordutik izan dute oihartzuna Aiaraldean. Grebalariek Tubos Reunidosen egin dute lehen geltokia 5:00etan, eta pikete informatiboak dozenaka langile elkartu ditu bertan. Kider enpresara eta Maskuribai industriaguneko tailerretara jo dute jarraian.
Ertzaintzak 5 lagun identifikatu ditu goizeko piketean petardoak jaurti eta irudiak grabatzeagatik
Ertzaintzak bost lagun identifikatu ditu goizeko piketean, lau grabatzeagatik eta bat petardoak botatzeagatik. Aiaraldea Komunikabideko bi kazetari daude identifikatuen artean.
Asteartean Laudion egin bezala. eguerdian Gasteizen mobilizatuko dira sektoreko beharginak, azken asteko mobilizazioei amaiera emanez.
Sektoreko lan hitzarmenak 25 urte daramatza aldatu gabe, eta SEA patronalak negoziazioa "bahituta" duela salatu dute langileen ordezkariek behin eta berriro. Hain zuzen ere, Lan hitzarmen duina erdiestea dute helburu egun hauetako mobilizazioekin. Bertan, KPIaren araberako soldata-igoera exijitu dute, 14 ordainsarietan banatutako 1.400 euroko gutxieneko soldata jasotzeko. Lanaldiaren jaitsiera ere aldarrikatu dute, “pertsonak erdigunean jarri eta zaintza lanak eta kontziliazioa errazteko".