ERREPORTAJEA

Jesurin eraiki nahi duten parke eolikoaren behin-behineko ingurumen inpaktu azterketa argitaratu du Green Capital enpresak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 16a, 09:39

Iragan urtarrilean Jesurira egindako mendi martxa eta protesta. / Aiaraldea.eus

Aurrera doa Jesuri mendian 200 metroko bost aerosorgailu instalatzeko prozesua. Green Capital Development enpresak lehenengo ingurumen inpaktu azterketa argitaratu du. Lehenengo fase honetan tokiko-erakundeei dagokie proiektuaren gaineko ekarpenak egitea. Talde ekologistek, euren aldetik, asanblada deitu dute datorren astean.

Green Capital Development 147 S.L enpresak Jesuri mendiaren inguruan eraiki nahi duen 'Larragorri' izeneko parke eolikoaren ingurumen-inpaktu azterketa plazaratu du. Eusko Jaurlaritzak martxoa hasieran onartu zuen enpresa energetikoak aurkeztutako aurreproiektua. Izan ere, beste inork ez zuen inguru horretan energia eolikoa ekoizteko interesik aurkeztu.

Behin aurreproiektua onartuta, zazpi hilabeteko epea du Green Capitalek derrigorrezko dokumentazioa aurkezteko, behin betiko proiektua onartu aurretik. Bide horretan, ingurumen-inpaktu azterketa da aurkeztu beharreko txostenetako bat, eta parke eolikoaren eraikuntza eta ustiapenaren inguruko xehetasun berriak ere azaldu dituzte bertan.

Izapide ugari falta dira oraindik Larragorriko parke eolikoa alegazioen fasera iristeko, baina apurka-apurka aurrera doa egitasmoa

Prozesuak aurrera

Txosten honek abian jartzen du Larragorriko parke eolikoa eraikitzeko prozedura. Ingurumen-inpaktu azterketa hau, behin betiko proiektuaren dossierra osatzeko oinarria izango da. Proiektuaren fase honetan Udalei, Batzar Administratiboei eta bestelako tokiko-erakundeei  dagokie aurretiazko kontsulta egitea, enpresak garatutako behin behineko ingurumen inpaktu azterketa egokia den edo aspektu gehiagotan sakondu behar duen baloratzeko.

Lehen fase honen ostean, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen-Organoari dagokio ingurumen inpaktu azterketa garatzea. Foru erakundearen azterketa hori herritarren eskura jarri ostean, Green Capital enpresari dagokio, entitate publiko guztien ekarpenak kontutan harturik, ingurumen-inpaktu txosten berri bat idaztea.

Behin azken txosten hori publiko eginda, elkarte, tokiko-erakunde edota norbanako orori zabalduko zaio proiektuaren gaineko alegazioak aurkezteko aukera. Izapide ugari falta dira oraindik Larragorriko parke eolikoa fase horretara iristeko, baina apurka-apurka aurrera doa egitasmoa.

Ingurumen-inpaktu azterketa

Aurkeztutako lehenengo dokumentua behin-behineko txostena bada ere, Jesuri eta Kukutze mendien artean bost aerosorgailu altxatzeak izango lukeen ingurumen-inpaktua neurtu du Green Capitalek lehendabizikoz, eta egikaritu nahi duten proiektuaren nolakotasuna azaltzen da bertan. Interneten kontsultatu daitezke azterketaren emaitzak. Besteak beste, inpaktu geologikoa, paisajistikoa, akuiferoen kutsatzea eta inguruko fauna eta landaredian eragingo dituzten kalteak zerrendatu dituzte.

Paisaian sortuko diren aldaketak, gainera, "subjektibotzat" jotzen ditu Green Capitalek: "Paisaiaren balorazioa kontzeptu subjektiboa da behatzaile bakoitzarentzat"

Txostenak ez dio aparteko kalteberatasunik aitortzen proiektuari, ez delako babestutako-ingurune natural bat, eta honezkero giza-ustiapenerako bideratuta dauden zuhaitzak aurkitzen direlako bertan.

Paisaian sortuko diren aldaketak, gainera, "subjektibotzat" jotzen ditu Green Capitalek. "Paisaiaren balorazioa kontzeptu subjektiboa da behatzaile bakoitzarentzat. Parke eoliko bat jartzeak inguruneko paisaian aldaketa nabarmena dakarrela argi badago ere, haren pertzepzioa aldatu egiten da pertsona bakoitzaren arabera", jaso dute idatziz txostenean. Parke eolikoak "trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren irudia" direla defendatzen dute.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideek ordenagailu bidezko simulazioa egin dute, aerosorgailuak Amurrio, Laudio eta Orozkotik nola ikusiko liratekeen azaltzeko:

Eragina herritarrengan

Herritarrengan zein eskualdeko ekonomian proiektuak izango duen inpaktua ere jaso dute txostenean. Bertan azaldu dute Larragorri parke eolikoaren eraikuntzak, aerosorgailuen mantenuak eta etorkizun batean egin beharreko desmantelamenduak inpaktu "positiboa" izango duela eskualdeko ekonomian, behin behineko lanpostuak sortuko dituelako.

Horrela jaso dute txostenean: "Horrelako proiektuek beti sortzen dute gizarte-eztabaida hurbileko biztanleen artean, baina faktore horrek eragin positiboa izango du instalazio-fasean sortuko den aldi baterako lan-eskuaren eta enplegu-sorreraren eskariaren ondorioz".

Jesuriko ingurune naturalean garatzen diren aisialdi eta kirol jarduerak aldatuko ez direla defendatu dute Green Capitaletik. Hartara, kamioiak mendi tontorretara igotzeko eraikiko diren pista eta errepideek "proiektuak okupatutako gailurren irisgarritasuna hobetu" eta "mugikortasun-muga jakin batzuk dituzten pertsonei edo haurrei familia-txangoak egiteko aukera" erraztuko dietela nabarmendu dute.

General Electric etxeko G158 modeloko bost aerosorgailu erabili nahi ditu Green Capital Developmentek. 200 metroko altuera duten aerosorgailuak izango dira, talde ekologistek hasieratik ohartarazi bezala

Obren nolakotasuna

Parke eolikoaren eraikuntzaren kronograma proposamen bat jaso dute atariko txostenean. Guztira bost hilabeteko epea aurreikusi dute Larragorri parke eolikoa eraikitzeko, behin proiektua behin-betiko onartua izan ostean. Lehengo hiru hilabeteak bertako lurrak mugitu, lautadak eraiki eta zimentuak jartzeko baliatu nahi dituzte, baita sare elektrikoa lurpetik barraiatuko dituzten lubakiak induskatzeko ere.

Azken bi hilabeteetan altxatuko lituzkete aerosorgailuen dorreak. Hauei dagokienez, General Electric etxeko G158 modeloko bost aerosorgailu erabili nahi ditu Green Capital Developmentek. Talde ekologistek hasieratik ohartarazi bezala, 200 metroko altuera duten aerosorgailuak dira horiek. Dorreek 121 metroko altuera izango dute, eta pala bakoitzak 77,4 metroko luzera. Horren ondorioz, errotorearen diametroak (aerosorgailuko hiru palek osatzen dutena) 158 metroko diametroa izango du, aerosorgailuari 198,4 metroko altuera emanez.

Asanblada irekia

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak Jesurin eraiki nahi duten parke eolikoa gelditzeko lanetan jarraitzen du. Datorren asteartean -ekainak 21- gaia lantzeko asanblada irekia egingo dute, 19:00etan Amurrioko Mendiko Lagunak taldearen egoitzan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide