Laudion hasi eta Gasteizen amaitu zuen 2022ko ibilbidea Arabako Bertsolari Txapelketak. Faktorian aurkeztu zuten lehiaketa martxoan, eta larunbatean izan zen finala Gasteizko Europa jauregian. 30 bertsolarik hartu dute aurtengo edizioan parte guztira, eta ondorengo seirak heldu ziren azken txanpara, finalera alegia: Manex Agirre Arriolabengoa, Oihane Perea Perez de Mendiola, Xabi Igoa Eriz, Paula Amilburu Izargarai, Iñaki VIñaspre Simon eta Peru Abarrategi.
600 lagun elkartu ziren saioa bertatik bertara gozatzeko, eta buruz-burukoa Manex Agirre Arriolabengoak eta Peru Abarrategi Sarrionandiak jokatu zuten. Hargatik, bi horiek ordezkatuko dute Araba Euskal Herriko Txapelketa Nagusian.
Sari banaketarako Arabako eragileak aukeratu zituen Bertsozale Elkarteak, eta eskualdeko kide ugari igo ziren oholtzara. Serapio Lopezek jantzi zion txapela Peru Abarrategi Sarrionandia irabazleari
Sari banaketan, Aiaraldear ugari
Sari banaketarako Arabako eragileak aukeratu zituen Bertsozale Elkarteak, elkarlanaren adierazle gisa. Hala, eskualdeko kide ugari igo ziren oholtzara.
Esaterako, Belate Olabarria Astobizak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean (Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria da egun) eman zion Manex Agirre Olabengoa bigarren sailkatuari garaikurra.
Begoñe Olabarria Astobizak, aldiz, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kide gisa entregatu zion Peru Abarrategi Sarrionandia txapeldunari saria; eta Serapio Lopezek jantzi zion txapela ondoren.
Modu horretan eskertu nahi izan dio Arabako Bertsozale Elkarteak lurraldean bertsogintzaren alde eginiko lana. Izan ere, Aiarako Bertso Eskolako kidea izan da urte luzez Serapio Lopez. Baranbioarrak bertso eta guzti eskaini zion txapeldunari, Pello Joxepe doinua erabilita:
Bejondeizula ta zorionak
Peru zein saio itzela!
Neri txapelik sekula inork
ez dit jantzi dena dela
seme-alabei Peru zuk esan
eta jakin dezatela
Bi mila eta hogehitabian
nork jantzi zizun txapela!
Peru Abarrategi txapeldunaren agurra@ArabaBertsozale pic.twitter.com/RNkkO3rf7K
— @ErreHarria #ANkerkeriariSTOP (@Erreharria1) June 11, 2022