IRITZIA

Emakume izateagatik prekarizatuak, bizitza sostengatzeko ezinbestekoak

Maider Urtaran, Nekane Martinez, Ludi Temiño eta Maddi Isasi, Aiaraldeko Greba Batzordeko eta Mugimendu Feministako kideak 2022ko eka. 15a, 10:05

Iaz sektore feminizaztuei lotuta Aiaraldeko Greba Batzordeak antolatutako mahainguruaren irudia. / Aiaraldea.eus

Zaintza denon ahotan dagoen termino bihurtu da azken aldian. Baina diskurtsoetatik at, ez du hainbesteko arretarik jaso politikan eta berau duintzeko neurri errealetan.

Zaintza lanak, historikoki emakumeoi ezarri zaizkigun zereginak izanda, ezkutatuak, sozialki aitortu gabeak eta prekarizatuak izan dira. Badira eredu familista edo tradizional batean (soilik) ebazten ditugun zaintza beharrak, baita bestelako modu merkantilistan, zaintzaileen esplotazioan oinarrituta, asetzen ditugunak ere. Biak ala biak, sistema kapitalista (cis)heteropatriarkalak etekina ateratzen duen moduan antolatuak daudelarik, noski. Hauxe bera modu argian erakutsi digu azken urteetan Mugimendu Feministak.

Azken pandemiak, eta honek sortutako krisi sozialak, eztabaida plazara atera badu ere, ezer gutxi aldatu da emakume zaintzaileon egunerokotasunean. Pandemia garaian zeozer aldatuko zela bazirudien ere, instituzio eta arduradun politikoek, orohar, logika neoliberal eta espekulatiboan kokatzen jarraitu dute zaintza, are gehiago sakonduz zaintza krisian.

Guk, ordea, argi dugu diskurtsoetatik praktikara pasatzeko ordua badela; ez al duzue uste?

Zentzu honetan, noski, lehenengo lerroan zaintza sektorean lan egiten duten langileak egon behar dutela argi dugu ere, haiek baitira subjektu nagusia. Horretarako, hilabete luzeak lanean daramatzagu Aiaraldean, sektore honetako langileen interesak, problematikak eta beharrak defendatuko dituen sareak ehuntzen.

Egin ditugu asanbladak, hartu ditugu kafeak, Artziniagatik Orozkoraino mobilizatu gara, salatu ditugu kaleratzeak eta Madres Mercedariaseko langileekin batera egin dugu oihu “no pedimos caridad, exijimos dignidad”, eskoletako jantokietako langileekin saretu gara… Inurri lanean, baina gelditu gabe.

Zaintza sektoreko langileen baldintzen inguruan, sistema honek emakumeoi ezartzen dizkigun rolen inguruan eta zaintza krisiari aurre egiteko erronken inguruan hitz egiteko, ordea, gainontzeko herritarrok ere badaukagu ardura. Ardura kolektibo honi bide eman eta hau guztia kalera ateratzeko garaia da. Beraz, Ekainaren 18anAmurrion ospatuko ditugun “Emakume izateagatik prekarizatuak, esenciales para sostener la vida” jardunaldietan guzti honi ikusgarritasun bat eman nahi diogu.

Badakizue etxeko langile askok eta askok kontraturik gabe, modu irregularrean lan egiten dutela, mehatxuak jasoaz eta ia esklabutza egoeretan? Badakizue erresidentzietako langileen lan kargek aitortzen ez diren gaixotasun asko sufritzera eramaten dituztela? Eta gehienetan ordu pila bat lanean egon ostean 1.000 eurora iristen ez den soldataren truke egiten dutela lan? Badakizue zenbateko ratioak dituzten jantokietako langileek 30 minutu baino gutxiagoan otorduak gestionatzeko? Eta zer nolako errekonozimendu eza dagoen askotan familien zein hezkuntza komunitatearen partetik? Etxez etxeko zaintza lanetan dabiltzan emakumeek beharrezko diren inolako tresnarik gabe lan egiten dutela gehienetan? Zergatik kobratzen dute feminizatuta dagoen garbikuntza sektoreko langileek, kaleetan lan egiten duten (eta gehienetan gizonak diren) langileek baino askoz gutxiago? Aitortu ahal dugu denda eta supermerkatuetako langileen eguneroko lana (oinarrizkoa izan zen eguneroko produktuez hornitu eta bizitzekin aurrera jarraitzeko)?

Egoera hauek denak  gure eskualdeko errealitatearen parte ere badira. Ez dezagun ahaztu, eta beste alde batera begiratu. 

Eskualde bezala, inoiz agenda politikoan egongo ez den urgentzia batzuetaz hitz egitea tokatzen zaigu. Hasteko, entzutea tokatzen zaigu. Eta ondoren hausnartzea. Zer egiteko prest gaude egoera hauen aurrean?

Aiaraldean azken urtean argi geratu da batasunak eta borrokak garaipen txiki eta handietara garamatzala. Eta esparru honetan asko dugu irabazteko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide