Maiatzean hiru greba egun gauzatu ostean, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek mobilizazioekin jarraituko dute negoziazio prozesua bultzatzeko. Berez, ekainaren 30ean izango da lehen deialdia eta lanuzteei berriro ekingo diete udako oporrak amaituta. Beste hiru eguneko protesta abiatuko dute orduan, irailaren 21ean, 22an eta 23an, alegia.
Gaur jakinarazi dute bere asmoa sindikatuek eta, gainera, patronalaren antolakundeari, SEAri, exijitu diote ekainaren 29an aurreikusitako bilera baino lehen batzartzea. Berez, langile erakundeek proposamen berria eramango dute eta SEAri eskatu diote negoziaziorako konpromiso bera izatea lan hitzarmenari begira.
Zehazki, sindikatuek KPIren araberako igoerak jaso behar direla errepikatu dute, bai tauletan, bai soldata errealetan; lanaldia nabarmen jaitsi; baja medikuen osagarriak hobetu; subrogazio zabala jaso; malgutasuna mugatu; eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak ezarri, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.