LEO BARAÑANO ETA GAIZKA AURTENETXE

“Ohorea da Athelticentzako lan egitea”

Beñat Zarrabeitia 2022ko eka. 22a, 12:09

Ricardo Barkalak Athletic Cluba zuzentzeko aurkeztutako hautagaitzako kideak dira Leo Barañano eta Gaizka Aurtenetxe. Bazkideek ekainaren 24an hautatuko dute klubeko lehendakari berria, eta aurkeztutako proiektuaz mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin.

Datorren ekainaren 24an Athelticek bere hauteskundeak ospatuko ditu. Hiru zerrenda aurkeztu dira, eta Leo Barañano eta Gaizka Aurtenetxe Ricardo Balkalaren zerrendan sartu dira. Leo pertsona ezaguna da Aiaraldean, baina zuk ere ebaduzu harremana Laudiorekin, ezta Gaizka?

Gaizka Aurtenetxe: Aitite eta amama laudioarrak ziren. Guda Zibilaren ostean etorri ziren hona bizitzera eta hemen jaio zen nire ama. Aitak bitxi-denda zuen Avenida Zinemaren aurrean, Laudion eta Bilbon zituen lagunak.

Ricardo Barkalaren hautagaitzan zaudete biak. Zerk eraman zaituzte proiektuarekin bat egitera?

Leo Barañano: Ni arabarra naiz, abokatua, baina Athleticeko bazkidea ere banaiz. Duela 50 urtetik naiz Atheltic Clubeko bazkidea. 53 urte ditut, eta nire familiak beti izan du harremana klubarekin. Betidanik izan dut harreman zuzena futbolarekin, eta hainbat kudeaketa lanetan egon naiz murgilduta. CD Laudioko zuzendaritzan aritu nintzen duela urte batzuk.

Lagun batzuek Ricardo Barkalaren proiektua aurkeztu zidaten. Asko gustatu zitzaidan bertan proposatzen zena, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Urratsa ematera animatu nintzen orduan.

Proiektu bateratzailea da.

Leo Barañano: Hala da, bai. Ricardo Barkalak berak kontsentsuaren alde egin du hasieratik. Ez zen posible izan hiru hautagaien artean hori lortzea, baina horrela jarraitu du hauteskunde prozesuak aurrera egin ahala, eta uste dut, etiketetatik kanpo, proiektuak oso ondo jasotzen duela nahi hori. Hautagaitza polita osatu dugu gainera: medikuak, abokatuak, irakasleak... denetarik dago bertan.

Zeintzuk dira hautagaitza honek aurkeztutako proiektuaren gako nagusiak?

Gaizak Aurtenetxe: Arlo ekonomikoan sakontzeko, Lorea Arisitizabalek gidatutako aurkezpena egin zuen lantaldeak. Oso ondo azaldu zuten bertan proiektuaren mamia. Athleticeko aktiboetan jarri zuten begirada batez ere: San Mames, Ibaigane eta Lezaman, hain zuzen ere. Informatikari, sare sozialei eta teknologia berriei dagokienean, Googleko ejekutibako kide den Bernardo Hernandezekin sinatu da hitzarmena.

Kirol arloan, Ainhoa Tirapu emakumezkoen taldeko buru jartzea erabaki da, eta azpiko egitura guztia ere emakumez osatzea da asmoa. 

Leo Barañano:  Emakumezkoen taldea lehentasuna da guretzat, eta erabakiak hori erakusten du. Oso garrantzitsua da neska taldearen kudeaketa emakumeek osatzea. Diru asko inbertitu da eta gehiago inbertituko da.

Berebizikoa da emakumezkoen futbola indartzea. Laudion horren oso adibide on bat daukagu, Altzarrate Kirol Elkarteak egindako lan guztiari esker. Hori da gure ardatza.

Ramon Planes jarri dugu kirol-arloko buru. Izan ere, Lezama zaintzea gure proiektuaren lehentasun nagusietako bat izango da ere. 166 futbol talderekin dugu sinatuta hitzarmena bertan, ondo zaindu behar dugu hori.

Ez dugu iraultzarik planteatzen, baina zaindu behar dugu bertakoa eta bertatik sortzen den guztia. 140 langile daude, izugarrizko lana egiten ari dira eta errespetatu behar dira. Ondo doa, baina berrikuntzak behar dira, eta horretarako doa Planes bertara. Teknologia berrietan jarri nahi dugu arreta batez ere.

Lehen mailako taldeak bost urte darama Europara sailkatu gabe, emakume futbola pisua hartuz doa, taldeen egiturak indartuz doaz nonahi, koronabirusaren eragina, guzti horrek altxortegian izandako eragin zuzena... Zentzu horretan, hauteskunde hauek espektatiba handiak sortu ditu zaletuen aldetik.

“Ramon Planes jarri dugu kirol-arloko buru. Izan ere, Lezama zaintzea gure proiektuaren lehentasun nagusietako bat”

Leo Barañano: Hor eragitera doaz gure hiru ardatz nagusiak: arlo ekonomikoan, kirol arloan Planes buru jartzea eta goi-mailako entrenatzaile bat ekartzea, eta, azkenik, Lezama indartzea.

Bost urte daramagu Europara joan gabe. Zentzu horretan, Planesen proiektua izugarria da, Europara begira jartzen gaitu bete-betean. Kirolarien errendimendua hobetzeko plana aurkeztu du, teknologia berriei lotua bereziki. Funtsean, errendimendu altuko laborategia da Lezaman sortu nahi dena.

Fitxajeetaz hitz egin genezake ere. Jendeak beti hitz egiten du ftxajeen inguruan eta zeresana sortzen du horrela. Egongo dira fitxaje garrantzitsuak, ez izan zalantzarik. Baina Lezama indartzea izan behar da lehentasuna. 

Ainhoa Tirapuren figura instituzio bat da klubean, eta erreferente berrien sorrerak duen garrantzia irudikatzen du.

Gaizka Aurtenetxe: Ainhoa Tirapuk eskarmentu handia dauka zentzu horretan. Bera izan zen emakume futbolarien greban ordezkari nagusietako bat, eta  badauka  komunikaziorako izugarrizko gaitasuna.

Tirapuk kluba eragile sozial bezala definitu zuen. Aipatutako arloez gain, arlo soziala bada beste adar garrantzitsu bat; Fundazioa, hain zuzen. Zeintzuk dira Barkalaren egitasmoak bertan?

Gaizka Aurtenetxe: Ni euskara irakaslea naiz. Beraz, euskararen arloaz mintzatuko naiz. Hizkuntzari dagokionez, diagnosi bat egin eta euskara plan bat garatzea da gure asmoa. Bete egin behar dugu jasota dagoena. Athelticek harremana duen edonork ez du estres lingustikorik izan behar, hori gainditu behar dugu.Izan dadila euskara klubarekin harremantzeko lehenengo hizkuntza.

Leo Barañano: Fundazioarekin pixkat kritikoa banaiz. Buelta eman behar diogu, mahai gainean dauden proiektuak bete, eta berriak abian jarri. 

Plano sozialeko egitasmo interesgarrien artean dugu 125. urteurreneko torneoa; oso ideia ona da. Hainbat talde ekarri nahi ditugu gure harrobiarekin harreman zuzena egin dezaten. Ospakizun oso garrantsitzua da urteurrena, Barkala bera dago horren buruan.

Ostiralean hauteskundeak daude, eta galdera saihestezina da: Marcelo Bielsa izango da Iñaki Aretxabaletaren entrenatzailea. Zein da  Ricardo Barkalaren entrenatzailea?

Leo Barañano: Ziur nago laster ikusiko dugula Barkalaren karta. Oso garrantzitsua da entrenatzailearen figura, eta zeresan handia sortzen du, baina hauteskundeak lehendakaria hautatzeko dira. Gure proiektua oso interesgarria da. Lehendakari batek lau urte iraungo ditu eta entrenatzaile bat lauzpabost urte edo bi hilabete egon daiteke. Lehendakaria lau urtetarako da. Proiektuak aztertzea eta konparatzea da lehentasuna.

Zer nolako harrera topatu duzue zaleen artean?

Leo Barañano: Izugarria. Nik 26 urte daramatzat eskualdean abokatu bezala, jende asko ezagutzen dut eta izugarria da jaso dudan berotasuna. Oso polita izaten ari da. Asko datoz entrenatzaileaz galdezka, ez hainbeste proiektuaren inguruan, eta horrek pixkat izorratzen nau (barreak).

Duela 12 urte ere egon nintzen hautagaitza batean, badut eskarmentua. Ohorea da Athelticentzako lan egitea.

Gaizka Aurtenetxe: Nire kasuan, Zornotzan, izugarrizko sorpresa izan zen. Hasieran bertigoa sentitu nuen, baina gerora ilusioa eta orain kriston gogoa dut zuzendaritzan egoteko. Ilusionatuta nago.

“Nire bulegoko ateak zabalik daude edozein zaleturen zalantzak argitu eta proiektua azaltzeko”

Laudion Athleticeko bazkide asko daude, Aiaraldea ere tradizio askoko eskualdea da. Zer esango zeniekete bazkide horiei guztiei hauteskundeen atarian? 

Leo Barañano: Afizio handia dago eskualdean, 200 bat bazkide Laudion bakarrik. Guztiei luzatu nahiko nieke gure proiektua ikusi, aztertu eta zabaltzeko gonbitea. Nire bulgoko ateak zabalik daude edozein zaleturen zalantzak argitu eta proiektua azaltzeko.

Gaizka Aurtenetxe: Nik izugarrizko konfiantza daukat Leorengan, berehala lortu du kimika hori nirekin. Ni urrutira joango nintzake berarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide