ELA sindikatuak oharra plazaratu du Tubacex taldeak Abu Dabin sinatutako akordioaren harira. Hasteko, erakundea harremanetan jarri da konpainiako zuzendaritzarekin informazio gehiago jasotzeko, "ez baitute argitu zer nolako eragina izango duen kontratuak Laudio eta Amurrioko lantegietan".
Zentzu horretan, multinazionaleko arduradunei exijitu diote lan karga berriaren pisua eskualdeko faktorietara bideratzea eta zortzi hilabeteko greba bukatzeko akordioan islatutakoa betetzea: inbertsioak eta kalitatezko enpleguaren bermea.
Euskal alderdi eta erakundeentzako mezua ere zabaldu du ELAk. Greban egin ez zutela egitea eskatu die: inplikatzea, Abu Dabin sortutako albisteak emaitza positiboak utz ditzan Aiaraldean.
Azkenik, ELAk sutsuki defendatu du 2021eko urrian grebarekin amaitzeko zuzendaritzarekin sinatutako akordioa, eta adierazi du Ekialde Hurbilean erdietsitako negozioak eragin kaltegarriak izanez gero, ez dela horren ondorioz izango. Izan ere, dokumentuak inbertsio plana barnebiltzen zuen.