Soka luzea ekarri du larunbat gauean Laudion egondako atxiloketak. Agerraldia egin du Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gaur arratsaldean, Ertzaintzak emandako bertsioa gezurtatu eta atzemandako gaztearen absoluzioa eskatzeko. Amurrion eskaini dute prentsaurrekoa, bertakoa baita atxilotua. Dozenaka lagun bertaratu dira, eta gaztearen lagunek ere hartu dute hitza.
Malen Atxa Corbellak hitz egin du lagun kuadrillaren izenean. Larunbatean gertatutakoa kontakizuna zabaldu du gazte laudioarrak, Ertzaintzak emandako bertsioa gezurtatuz. “Laudion festan geundela, poliziaren patruila bat gure aurka oldartu zen, aitzakia faltsu baten pean: gutxienez beste 100 pertsona zeuden leku batean, guk polizia iraindu genuela”, azaldu du gazteak. Nabarmendu duenez, “kolpe gogorrak” jaso zituzten polizien partetik, “saihetsetatik gora, buruan jotzeko asmoa baitzuten”.
“Kolpe gogorrak jaso genituen poliziaren partetik, saihetsetatik gora, buruan jotzeko asmoa baitzuten”
Ondoren, giroa “baretu” zen, Atxaren hitzetan, baina egoera laster tenkatu zen berriz: “Ertzaintzaren patruila gehiago bertaratu ziren eta 10 ertzainek gerora atxilotuko zuten gaztearen aurka jo zuten. Honek, izututa, aurrean zuena ikusirik korrika egitea erabaki zuen handik urruntzeko asmoz. Une horretan, agente guztiek gehi kalez jantzitako sekretek bere atzetik joatea erabaki zuten eta lurrera bota arte ez zuten gaztea atzeman. Behin harrapatuta, garondoan jarri zioten borra, nahiz eta mutikoak, bere burua lasterka egiteko indarrik gabe ikusi zuen unetik, ertzainei adierazi zien ez ziela inolako erresistentziarik jarriko”.
Behin atxiloketa jazota, zenbait gaztek erabaki zuten Laudioko komisaldegira bertaratzea, eta han berriz oldartu zen Ertzaintza, lagun-kuadrillaren arabera: “Polizia-kordoi bat jarri zuten gu hurbiltzeko aukera ukatzeko. Baina ez ziren kordoira mugatu, poliziak berriz ere gure kontra egin zuen, euren ekintzaren argudioak eskatu besterik nahi ez genuen bitartean. Halako batean, gutako baten aurka oldartu ziren eta inolako froga barik, guztien harridurarako, lehen kargan parte-hartu izana leporatu zioten eta poliziaren kontrako erasoa leporatu nahi diote”.
Gauzak hala, gazteek nabarmendu dute bi direla Ertzaintza atzemandako gazteak, eta poliziek “komunikabideetara helarazi duten gertakarien kontakizun interesatua” salatu dute, “gezurretan” oinarritzen dela argudiatuta. “Gertakarien bertsio bat zabaltzen ari dira, errepresioa bultzatzen duena eta leporatzen dizkiguten kargu guztiak justifikatzea helburu dituena. Beraz, prozedura osoa bertan behera geratzea eta kide guztion absoluzioa exijitzen dugu”.
GKSren irakurketa
Gazte Koordinadora Sozialistako kideek, euren aldetik, “gertakariaren irakurketa politikoa” zabaldu dute, Laudion larunbat gauean gertatutakoa kasu isolatua ez dela nabarmenduta. “Gaurkoan salatzen ari garen gertakari hauek krisi kapitalistaren ondorioz Estatuaren eta indar polizialen partetik handitzen ari diren adierazpen biolentoen adibide argiak dira”, salatu dute GKSko kideek, “burgesiak ziurgabetasun egoera honetan, bere aginte-gaitasuna inposatzeko beharra du eta zatiketa soziala areagotzen ari den bitartean, diziplinamendua eta autoritarismoa indartzen ditu, tartean indar-polizialak”.
"Arazoa ez da polizia-eredua; arazoa polizia eta bere klase funtzioa dira”
Horri lotuta, antolakundeko kideek nabarmendu dute “alderdi politiko guztiek” onartu dutela gastu eta aurrekontuak igotzea. “Politikari profesionalen lanak errepresioa zuritu eta ordena burgesa legitimatzea da, euren pribilegioak babesteko asmoarekin. Argi geratu dadin, arazoa ez da polizia-eredua; arazoa polizia eta bere klase funtzioa dira”. Gauzak hala, egoera horren aurka “borrokatu eta antolatzeko” deia luzatu dute.