Faktoria ireki zenetik urtebete igaro dela ospatzeko jaia egin zuten larunbatean Laudioko Industriaguneko pabilioian. Egun osoko egitaraua egon zen, herritar ororentzat irekia, eta eskualdeko ehundik gora lagun bertaratu ziren ekintzez gozatzera.
10:30ean ireki zituzten espazioko ateak, Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen batzar nagusia egiteko. Urteko kontu ekonomikoak eta plangintzak azaldu eta onartu zituzten bertan. Irri olinpiadak eta haurrentzako jarduerak egon ziren jarraian, eta ekitaldi berezia ere egin zuten: Kepa Barañano laudioarrak landutako eskultura inauguratu zuten Faktoriako lorategian.
Bazkalostean, aldiz, musikak eta dantzak hartu zuten protagonismoa, Zuzterrak taldearen dantza-plazarekin eta Beranduegi erromeriarekin. Iluntzean, aldiz, Dantzetan Jarrai arduratu zen jai-giroa luzatzeaz.