2024rako ireki nahi dute Aiaraldeko hiltegi berria

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 5a, 22:02

Dozenaka lagun bertaratu dira aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Ekimen pribatuko proiektua izango litzateke eta 10 lanpostu sortuko lituzke. Azpiegitura Aretako Gasteiz  kaleko lursail batean kokatzeko aukera aztertzen hasi dira Laudioko Udalarekin. Gaur bertan egin dute bilera gaiaz hitz egiteko Ander Añibarro alkatearekin, eta sentsazio onekin atera dira baserritarrak. 

2024. urtean ireki nahi dute 'Okelagunea', Aiaraldeko hiltegi berria. Gaur egin dute proiektuaren aurkezpena Laudioko Kasinoan, eta dozenaka lagun bertaratu dira, ordezkari politiko ugari tartean. 

Iñaki Urkixo eta Jose Antonio Gorbeak hartu dute hitza ekitaldian. “2021ko uztailetik daramagu hiltegirik gabe eskualdean”, gogorarazi dute bi baserritarrek, baina gehitu dute ez dutela egoera hori “ahulgune” moduan ikusten, “aukera” moduan baizik, “Aiaraldeko eta inguruko nekazal azpiegiturak hobetzeko”. 

Proiektuaren xehetasun esanguratsuenak laburbildu dituzte jarraian. Abereentzako hiltegia atontzea da planteatzen dutena, “ekimen pribatukoa”, baina diru publikoarekin ere finantzatuko dena. Plazaratu dituzte zenbakien arabera, 1,2 milioi euro baliatuko lituzkete apziegitura eraikitzeko. Horien %10a (120.000 euro) baserritarrek eurek jarriko lukete. %20a (240.000 euro) lortu nahi dute diru-laguntza publikoen bidez, eta zatirik handiena (%70a, 840.000 euro) maileguen bidez eskuratuko lukete. 

1,2 milioi euro baliatu nahi dituzte azpiegitura eraikitzeko. Hiltegiak urtero 1,19 milioi euro fakturatzea aurreikusi dute, 150.000 euro baino gehiagoko irabaziak sortuta

Zehaztu dutenez, ez dute hiltegi hutsa eraiki nahi. “Okela zatitzeko linea eta izozte tunela ere jarri nahi ditugu, eskualdeko sektoreak horren beharra duela uste dugulako”, zehaztu du Gorbeak.

Hiltegiaren balizko balantze-ekonomikoa ere plazaratu dute, proiektu errentagarria dela frogatzeko. Zenbaki-aurreikuspen horien arabera, azpiegitura berriak 1,19 milioi euro fakturatuko lituzke urteko, eta 157.518 euroko irabaziak izango lituzke. 10 langile kontratatzea aurreikusi dute horretarako.

Ekimenak izango lukeen forma juridikoari dagokionez, fundazioa eratzea planteatu dute abeltzainek, baina nabarmendu dute beste aukerak aztertzera ere irekirik daudela. “Proiektura batzen diren bazkide eta entitateen arabera erabakiko da zein eredu hartu”. 

Laudioko alkatearekin bilera

Proiektuaren nolakotasunak direla eta, funtsezkotzat jo dute erakunde publikoen babesa izatea, eta baikor azaldu dira alde horretatik. Izan ere, gaur bertan izan dute gaiaz hitz egiteko bilera Ander Añibarro Laudioko alkatearekin, eta “pozik” atera dira, aurkezpenean azaldu dutenez. “Alkateak adierazi digu aurkezpen honetara etortzeko asmoa zuela, baina azken orduko kontu bategatik ezingo zuela bertaratu”, zehaztu dute bileran. 

Udalak Aretako Gasteiz kalean duen lursail bat aztertzen ari dira hiltegiaren balizko kokaleku gisa, oraindik ezer finkoa ez dagoen arren

Udalak Aretako Gasteiz kalean duen lursail bat aztertzen ari dira hiltegiaren balizko kokaleku gisa. Aurreratu dutenez, alkateak begi onez ikusi du espazio hori erabiltzea, baina nabarmendu dute oraindik ez dagoela ezer zehaztuta, eta ez dutela baztertzen eraikina Aiaraldeko beste edozein herritan kokatzea. 

2024. urterako irekita

Hiltegia ireki arteko kronograma ere aurkeztu dute Kasinoan. Proiektua aurkeztea eta webgunea (www.okelagune.eus) irekitzea izango da lehen pausoa. Jarraian ekingo diote bazkideak bilatu eta proiektua definitzeari, eraikuntza proiektua enkargatu ahal izateko urtearen amaierarako. 2023ko lehen seihilekoa baliatuko lukete obren baimenak eskuratu, eraikuntza-enpresa kontratatu eta fundazioa abian jartzeko. Bigarren seihilekoan, aldiz, obrak hasiko lirateke, eta hiltegiaren gerentziaren hautaketa prozesua era abiatuko lukete. 

Modu horretan, eraikuntza-lanak 2024. urtearen lehen zatian amaitzea espero dute, urte horren amaieran azpiegitura abian jarri ahal izateko. Helburua: 2025. urtean hiltegia %100ean lanean egotea. 

Isurketarik gabeko hiltegia planteatzen dute, hondakin guztiak berrebiltzeko asmoa dutelako

Isurketen afera

Hiltegi berriak isurketik eragingo lukeen galdetuta, abeltzainek ziurtatu dute azpiegitura irekitzeko funtzionamendu lizentzia eskuratuko dutela, eta horren arabera jardungo dutela beti. Horri lotuta, sortzen dituzten hondakinak berrerabiltzeko asmoa plazaratu dute, isurketa erabat murriztuta. “Tripek sortzen duten metanoa ura berotzeko baliatu daiteke, eta beste hainbat hondakin baliagarriak dira baita ongarria sortzeko ere. Ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu horrela”. 

Testuinguru orokorra

Bukatzeko, proiektuaren sustatzaileek argitu dute egitasmo honek ez duela zerikusirik Enkarterrietan eraikitzea planteatzen zen azpiegiturarekin. “Guk Aiaraldean hiltegi bat irekitzea dugu helburu. Ildo horretan, elkarlanean gabiltza Urduñan eraiki nahi den hegaztien hiltegiaren egitasmoarekin, bi proiektuek elkar elikatzen dutelako”. 

'Okelagune' egitasmoa “behar” batetik sortu dela nabarmendu dute abeltzainek. “Hiltzen ari den kultura eta mundu baten oinordekoak gara”, aldarrikatu du Urkixok, “azken bost urteetan Europan baserri txiki bat desagertu da bi minuturo. Desagertze horretan bereziki zaurgarriak izan dira bost hektarea baino gutxiagoko baserriak, eta bereziki zaurgarriak emakume bat buru izan dutenak. Baserri horiek guztiak dira burura etortzen zaizkigunak tokiko eta kalitatezko elikadura batean pentsatzen dugunean”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide