Abeltzain talde batek oharra zabaldu du ‘SOS baserriak’ lelopean, Laudioko Udal Hiltegiaren itxieraren harira azken asteetan jazotako albisteen gaineko iritzia plazaratzeko. “Arabako Nekazaritza diputatuak eta beste kargu politiko batzuek Enkarterrietan kokatu dute hiltegi berria”, azaldu dute baserritarrek irakurketan, eta argi esan dute hori ez dela eskualdeko “baserritarrek eta kontsumitzaileek” behar dutena.
“Adabakia da, udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean norbaitek mahukatik atera duena, eta kudeaketaren lorpen gisa saldu nahi digutena, eskualde honetako desegite programatuan beste pauso bat gehiago besterik ez denean”, salatu dute.
Abeltzain taldeak gogorarazi du Enkarterrietakoa ez dela Laudioko Udal Hiltegiaren itxieraren aurrean plazaratu lehen lehen alternatiba. “Hiltegia Ez Itxi plataformak Laudioko instalazioak kudeatzeko eskaintza egin zuen, eta bere proposamena ez zuen aintzat hartu administrazio bakar batek ere. Ziur aski, Hiltegia Ez Itxi-ri erraztasun berberak eman izan balizkiote, proiektu bat aurkezteko gai izango zen”.
Laudioko hiltegiko kudeatzaile bera Enkarterrin
Era berean, baserritarrek nabarmendu dute Laudioko Udal Hiltegiaren orain arteko kudeatzaile bera arduratzen ari dela Enkarterrietako proiektuaz: “Guk ez dugu inolako zalantzarik haren jardunbide egokiari buruz, baina badirudi administrazio desberdinak, orain arte adierazitakoaren arabera behintzat, bai izan dituztela”.
Horri lotuta, azpiegitura berria pribatua izango dela ohartarazi dute, eta horrek erraztu egiten duela “abeltzaintza-sektoreko ekonomia erabat hondamenera arrastaka eramatea”.
Aiaraldeko Beheralako Ekintza Plana ere kritikatu dute, hiltegiaren beharra “lausotu” egin duela iritzita. “Agindutako inbertsioak garapen sozioekonomikoarekin zerikusirik ez duten proiektuetara bideratu dira; eta orain hiltegi berria kanpora doa, Arabako Aldundiko Nekazaritza diputatuaren eta tokiko administrazioen onespenarekin antza”.
Horren aurrean, baserritarrek azaldu dute hiltegiaren proiektuak hiru baldintza bete beharko lituzkeela, “sektorearen eta herritarren erreklamazioei erantzuten diola pentsatzeko”:
- Parte-hartze publikoa kontrol-mekanismo egokiekin babestuta egotea. Ildo horretan, abeltzainek ohartarazi dute lehen sektorean proiektu asko direla “finantzaketa publikoaz baliatu direnak eta dirua poltsikoratu ondoren helburuak aldatu dituztenak”.
- Aiaraldean kokatua egotea. Baserritarrek nabarmendu dute kontua ez dela azpiegitura hurbilago edo urrunago egotea: “hau ez da baserritarren erosotasun-arazo bat, batzuek aurpegiratu diguten bezala; kontua eskualdeak bere etorkizunari aurre egiteko beharrezko baliabideak izatea da”.
- Baserritarren eta kontsumitzaileen beharrei erantzutea.
Bukatzeko, baserritarrek erakunde publikoei eskatu diete Enkarterrietako hiltegiaren proiektuarekin erakutsi duten “jarrera eta prestutasun bera” erakustea “lehen sektoretik edo jendartetik jaiotako elikadura burujabetza indartzera bideratutako beste proiektuekiko”. Zentzu horretan, “borrokan” jarraituko dutela nabarmendu dute abeltzainek.