Informazioen esparruan udako ekaitza gertatu zen atzo Espainiako Estatuan, Cronica Libre komunikabideak argitaratutako albisteei esker. Zehazki, zenbait audio plazaratu zituen ikerketa kazetaritzako webguneak, eta honakoa entzun daiteke bertan: Jose Manual Villareko polizia, Antonio Garcia Ferreras kazetaria, Mauricio Casals Atresmediako kontseilaria eta La Razon egunkariko zuzendaria, Adrian de la Joya enpresaria eta Jose Luis Olivera komisario eta Terrorismoa eta Krimenaren aurkako Zentroaren zuzendaria duten solasaldia.
Horren harira, jende askoren harridura piztu du Pablo Iglesiasi buruzko informazio faltsu bati buruz mintzatzen direla. Izan ere, Ferrerasek albistearen fidagarritasuna zalantzan jarri arren, bere saioan zabaldu zuen, une kritiko batean, zeinean inkestek esaten zuten ezkerreko indar bozkatuena izateko aukerak zituela Podemosek.
Cronica Libre webguneak zabaldutako audioek islatzen dute zer nolako elkarlana dagoen poliziaren, kazetarien eta enpresarien artean helburu politikoak lortzeko
Ordea, elkarrizketaren edukia bera baino, galdera da zer egiten duten hiru klase ezberdinen ordezkariek kuadrilla giroan afaltzen, eta a ze giroa, gainera; komisario benetan ilunak (gogoratu beharra dago Villarejoren merituen zerrendan dagoela Euskal Herrian gerra zikinaren hasieran aritzea, "inkontrolatu taldeetan"), kazetari ustez "progreak" (nabarmentzekoa da beste audio batean Florentino Perezek harro adierazten duela berari eta Ferrerasi esker egin zutela Eduardo Inda ultraeskuindarra Marca egunkariko zuzendari), kazetari kontserbadoreak (La Razon egunkariko zuzendaria) eta Jose Luis Olivera polizia, Kitchen kasuan ikertua.
Kazetariek, poliziek eta enpresariek, besteak beste, aipatzen dute barreen artean Eduardo Indak ateratako informazioa oso zatarra dela eta poliziek daukatela boterea "zakilarekin" kontu korronte faltsua sortzeko Pablo Iglesiasen izenean.
Espainiaki Estatuan harridura sortu duenak, ordea, Euskal Herriko hainbat txokotan nekea baino ez du eragin. Nekea, hainbat aldiz irudikatutakoa eta sufritutakoa audio batean islatu duelako estatu estoldak berak, oso modu baldarrean, inolako xarmarik gabe, erakutsita janariaren eta alkoholaren artean erabakitzen dutela batzuek disidentzia politikoaren patua (eta Pablo Iglesiasi disidentzia politikoa deitzea agian gehiegi esatea da).
Izan ere, litekeena da Jose Manuel Villarejok berak grabatu izana audioa (ohitura bitxi hori izateagatik da famatua da) eta berak zabaltzea mendeku gisa, orain kartzelan dagoelako.
Espainiako Estatuan harridura sortu badute ere, audioek nekea baino ez dute eragin Euskal Herriko hainbat tokitan, jendeak imajinatzen zuena modu benetan zatarrean irudikatu baitute: zer nolako giroan erabakitzen duten poliziek, kazetariek eta enpresariek disidenteen bizitzei buruz
Hala eta guztiz ere, Podemos edota Kataluniako mugimendu burujabea estatu sakonaren egituraren jomugan jarri baino lehen, Euskal Herria izan zen bere helburu kuttunena eta hainbat kutsaketa kanpaina gauzatu zituen hemen. Askok gogoratu dituzte Egin, Egunkaria, Egin Irratia, Ardi Beltza, Gaztesarea edota Apurtu hedabideen itxiera. Baina, kasu horiek muturrekoak badira ere, jende askok jaso du estatu estolden ur ustelen goilarakadaren bat.
Aiaraldea Komunikabideak dastatu du noizbait estolden zaporea eta, sinistu dezakezue, ez da goxoa izan. Zehatzagoak izateko, Carlos Urquijo laudioarra Gobernu ordezkaria izan zen garaiko lehen urteetan hedabideari buruzko aipamenak agertu ziren Espainiako zenbait hedabideetan, "medio proetarra" zela zabalduta.
Aiaraldearen definizio hori nondik agertu zen jakiteko, estatuen estolden afariren baten audioa beharko genuke, edo poliziek idatzitako txostenen bat, baina kontua da bere unean hitz horiek ezinegon handia sortu zutela. Izan ere, zilegitasuna eta lana zalantzan jartzeaz gain, kontuan hartu behar da erakundeen ilegalizazioa eta komunikabideen itxierak ez zirela oroitzapen zaharrak, fresko-freskoak baizik.
Eta zer esan estoldek Amurrio eta Laudiorekin izandako harreman luzeari buruz, Santiago Abascalen esku hartze zuzenarekin. Egun Vox alderdiko burua Espainiaren gerlari bilakatzeko, Laudio -bertan zinegotzi zelako- eta Amurrio -hangoa zelako- infernu hutsa bilakatu behar ziren espainiarren begietan.
Estatuko estoldek hamaika aldiz zipriztindu dute Aiaraldea, eta ezin argiagoa izan zen egoera 2019an: giro politikoa erabat tenkatua zegoenean, Eduardo Inda agertu zen Amurrion
Asmakizuna eta kontakizuna ez zen merkea izan, epaiketak eta espetxeratzeak etorri baitziren arrazoi benetan erridikuluen ondorioz: euskal presoen bi irudi ateratzeagatik jaietan, txioak zabaltzeagatik edota errotuladore batekin margo bat egiteagatik kartzelan amaitu zuten Alfredo Remirez eta Julen Ibarrola. Beste 18 herritarrek ere hainbat urteko sufrikarioa igaro zuten Batasunaren ilegalizazioaren ondoriozko protesta batean parte hartzeagatik Laudioko udalbatza aretoan.
Gerora, urak nahasiagoak jaitsi ziren Amurrion eta Galder Barbadoren atxiloketa ez ezik, Ezker Abertzaleko familia baten etxearen tiroketa ere etorri zen (susmagarri nagusia polizia bat izanik).
Eta nor agertu zer orduan herrian? Eduardo Inda jauna, ziurrenik, Altsasuko kasuaren bigarren atalaren bila.
Horregatik guztiagatik, harridura adierazi ordez, estatu estolden aurka dauden demokratek pentsatu beharko lukete zein neurrian izan diren eurak horren partaide, eta zein neurrian DNA bera partekatzen duten. Izan ere, Frankismotik egungo estoldetaraino doan haria ez da ikusezina (Florentino Perez, Abascal familia, Jose Luis Villarejo, Madrilgo komisionisten gurasoak, Borboiak...) eta ez da eten. Estoldek funtzionatzen dute gobernatzen duenak gobernatzen duela (eta noizean behin baita gobernatzen duenaren aurka eginda ere) eta askotan txalotuak izan dira Katalunia edota Euskal Herriko mugimendu politikoak zapaltzeagatik.
Esaterako, "Espainiako historiako gobernu aurrerakoienean" nork egingo die aurre polizia ilun horiei, bitarteko horiek erabilita dozenaka tortura salaketak jaso zituen epaile izarrak? Hau da, Fernando Grande Marlaska ministroak?