Osakidetzak gaur plazaratutako txosten epidemiologikoaren arabera, COVID-19 birusaren zabalpena murriztu egin da azken astean. Izan ere, ekainaren hasieran ekin zioten kasuek berriro areagotzeari, behera egin ostean. Ekainaren 6an 64 izan ziren erregistratutako positiboak eta duela bi aste, ordea, 122. Tarte horretan gaixoen kopuruak gora egin zuen apurka-apurka eta atsedenik gabe.
Azken astean, ordea, joera hori eten da eta 76 positibo berri baino ez dira agertu, duela bi asteko zenbaketa ia erdira murriztuta. Kasu gehienak Laudion (31) eta Amurrion (29) izan dira, baina herri gehienetan azaleratu ditu gaixo berriak osasun sistema publikoak.
Intzidentzia tasa metatuari dagokionez, soilik hiru udalerrik handitu dute kopurua: Amurriok, Okondok eta Orozkok. Artziniegak, Aiarak, Laudiok eta Arrankudiaga-Zollok euren tasak murriztu dituzte, eta Arakaldok eta Orozkok mantendu dituzte.