HODEI ATXA

"Ingurumenak izugarri sufritu du bero honekin, Nerbioi ibaiaren ura 25 gradutan egon da"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 18a, 18:02
Gaur ere 40 graduko tenperaturak jaso ditu arratsaldean Euskalmetek. / Aiaraldea.eus

Hodei Atxa metereologia zaleak azken bero olatuaren jarraipena egin du eta egun hauetan zerbait historikoa bizi izan dela uste du. Aldi berean, iritzi du zorionekoa izan dela eskualdea, suterik gertatu ez delako. Hala ere, ingurumenak kalte handiak jaso dituela pentsatzen du laudioarrak, ur faltagatik bereziki.

"43.5 graduko tenperatura erregistratu du Euskalmet Agentziak Gardean, hori datu historikoa da. Bere ibilbidean erakundeak ez du inoiz hain tenperatuta altuak detektatu uztailean Aiaraldean". Hala adierazi dio Hodei Atxa metereologia zaleak Aiaraldea Komunikabideari.

Izan ere, Atxak azken bero olatuaren jarraipena egin du eta harrituta dago tenperaturek gora egin dutelako, nahiz eta ipar haizeak jo duen arratsaldetan: "Hego haizea egon da, baina soilik goizetan eta hala ere, giroa ez da freskatu arratsaldetan".

Inoiz ez da horrelako daturik jaso

Atxak azpimarratu du Euskalmetek ez duela inoiz horrelako tenperatura alturik jaso, gutxienez, uztailean. Gainera, gogoratu du horrelako egoerak oso arriskutsuak direla: "Ez du euririk egin, larreak lehortu dira eta suteak gertatzeko aukerak biderkatu dira. Zorionez, Aiaraldean ez da suterik egon, Lautadan, Añanan edo Arabar Errioxan ez bezala".

Atxak azpimarratu du ingurumenean kalteak eragin dituela bero olatuak eta ibaien ura 25 gradura heldu dela

Dena den, metereologia zalearen aburuz, bero olatua kaltegarria izan da: "Animaliek izugarri sufritu dute eta, adibidez, intsektu pilo ikusi dut beroagatik hil direnak. Ibaien uraren tenperatura ere asko igo da, 25 gradura helduta".

Afrikako aire beroa

Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Atxari ea aldaketa klimatikoa dagoen bizi izan den bero kolpearen atzean eta laudioarrak testuinguru zehatza ere aipatu du: "Jakina, klima aldaketak eragiten du, baina kasu honetan zein ekainean izan genuen bero olatuan, jatorria izan da Afrikako aire beroa. Ozeano Atlantikotik sartu da Portugalera eta handik gugana heldu da. Urrutitik etorri denez, ez du ekaitzik sortu. Egia esanda, Ingalaterran eta Frantziako Estatuan ere nabaritu dute. Ez nuke esango zuzenean klima aldaketaren ondorioa izan denik, baina patroi bat dago hor".

Etenaldia, baina beroa

Gaurko enbatarekin amaituko da azkenaldiko bero olatua, baina horrek ez du esan nahi berorik egingo ez duenik. Atxak hala argitu du: "Arabako toki gehienetan hurrengo egunetan oraindik muturreko tenperaturak egongo dira. Aiaraldean, ordea, nahiz eta altuak izan, ez dira horretara helduko, 30 gradutan mantenduko dira agian".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide