Mobilizazioak deitu dituzte Laudioko eta Amurrioko Mugimendu Feministak gaur arratsaldean. 18:00etan izan da Laudioko elkarretaratzea Alberto Acero plazan, eta bertan salatu dute bart gauean herriko bi tabernetan eta kalean jazotako erasoa. "Gaurko honetan Laudion elkartu gara atzo emandako erasoak salatzeko", azpimarratu dute.
Eraso ugari gertatu zirela erantsi dute: "Gutako lau taberna batean dantzatzen ari ginela, gizon bat hurbildu zen hainbatetan zakila ukitzen zuen bitartean, keinu lizunak eginez gainera. Gure hautuari jarraiki, autodefentsa feminista baliatuz bi tabernetatik kanporatzea lortu genuen. Baina gaua ez zen hor amaitu, eta guk hala nahi izan gabe, polizia sartu zen tartean. Beste behin ere gure hitza zalantzan jarriz, egoera behar ez zen muturrera tentsionatuz eta hori dena zertarako? Erasotzailea aske eta lasai joaten uzteko! Ez zaituztegu behar, poliziak ez gaitu zaintzen, gure lagunek bai".
Ildo beretik, gizon batzuen jarrera "paternalista eta oldarkorra" salatu dute, "baita erasotzailearen hainbat konplizeren jarrera ere. Ez dugu printzipe salbatzaileen beharrik".
Amurrion ere, erasoak
Bi udalerrietan ari dira festak ospatzen aste honetan. Zentzu horretan, Amurrio ere ez da eraso matxisten salbuespena izan. "Atzo gauean eraso matxista baten lekuko izan ginen herriaren erdigunean, eta adingabeei sexu-abusuak egiteko drogen erabileraren berri ere izan dugu", jakinarazi du Amurrioko Mugimendu Feministak.
"Atzo gauean eraso matxista baten lekuko izan ginen herriaren erdigunean, eta adingabeei sexu-abusuak egiteko drogen erabileraren berri ere izan dugu"
Guzti hori onartezintzat jotzeaz gain, espazio seguruen beharra aldarrikatu dute mobilizazioan: "Guzti hau Amurrion gertatu da, gure kale eta espazioetan". Erantsi dutenez, "emakume* izate hutsagatiK" amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dute egunero, "begirada, keinu edo gutxiespen soilenetik kolpe eta erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik".
Ondorioz, bi eragileek -Laudioko zein Amurrioko Mugimendu Feministak- erasoen aurrean ez direla geldirik geratuko nabarmendu dute. "Gure elkartasun, babes eta indarrik beroenak horrelako erasoak jasan behar izan dituzten emakume* eta gorputz disidenteei, guk sinisten zaituztegu, zuekin gaude!".
Mugimendu Feministaz gain, beste zenbait eragilek ere egin dute bat Laudioko eta Amurrioko mobilizazioekin. Horien artean daude, Laudioko Txosna Batzordea, Amurrio edo Laudioko EH Bildu edota Amurrioko eta Laudioko Udalak.
#Amurrioko Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin gaur arratsaldeko 19:00etan Juan Urrutia plazan. pic.twitter.com/7GMcknsJuJ
— Amurrio Udala Ayto (@AmurrioUdala) August 17, 2022