Osakidetzak pasa den asteko txosten epidemiologikoa argitaratu du gaur. Tarte horretan 37 kasu berri azaleratu ditu osasun sistema publikoak, gehienak Laudion, 25. Hala ere, Amurrion, Urduñan, Orozkon eta Arrankudiagan ere eragina izan du koronabirusak.
Kopuru horrekin bigarren aldiz egin du gora jarraian positiboen zenbaketak, 37 eta 28 azken bi asteetan. Hain zuzen, duela aste batzuen joera bera agertzen ari da, baina alderantziz. Uztailean hiru asteko beherantzako joerak 36 kasu utzi zituen hileko azken astean, eta abuztuko lehenengoak ere murriztu zituen positiboak, 29.
Intzidentzia metatuaren tasa
Azken asteko gorakadak isla izan du eskualdeko udalerrietako intzidentzia metatuaren tasetan. Kasu batzuetan, positiboa izan da, Artziniegak eta Aiarak zeroan baitute orain datu hori. Laudion, Urduñan, Orozkon eta Arrankudiaga-Zollon, ordea, handitu egin da kopurua. Zehazki, Laudiok ia bikoiztu du tasa. Amurrio, Okondo eta Arakaldo duela bi asteko egoera berean daude.