Jesurin eraiki nahi duten parke eolikoaren kontrako mendi ibilaldia egingo dute larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 8a, 15:49
Aurretik ere mobilizazioak egin dira Jesuriren defentsan. / Aiaraldea.eus

Jesuri, Larragorri eta Elorritxugane mendietan 200 metroko bost aerosorgailu jarri nahi dituztela salatuko dute larunbatean. Mobilizazioak 10:00etan hasiko dira Laudioko eta Orozkoko herriko plazetan, mendi tontorrera jotzeko.

Uztailean iragarri bezala, irailaren 10ean, hau da, larunbatean, Orozkon eta Laudion aurreikusitako proiektu eolikoen aurkako mendi ibilaldiak egingo dituzte. Zehazki, 10:00etan abiatuko dira Laudioko -17 kilometroko luzera- eta Orozkoko -12 kilometroko distantzia- herriko plazetatik.

Mobilizazioaren helburua da salatzea 200 metroko bost aerosorgailu kokatu nahi dituztela Jesuri, Larragorri eta Elorritxugane mendietan, lau Orozkon eta beste bat Laudion. Antolatzaileek astakeritzat jo dute egitasmoa eta honakoa aipatu dute bere tamaina nabarmentzeko: "Ideia bat egin dezazuen, Bilboko Iberdrolaren dorreak 41 solairu eta 165 metro ditu eta Gorbeiako Gurutzeak 17,23 metro".

Energia negozioaren eredua jopuntuan

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideek kritika ugari plazaratu dituzte proiektuari buruz. Hasteko, ez zaie zilegi iruditzen Capital Energy enpresa pribatuak Europako dirulaguntzekin eta Eusko Jaurlaritzako babesarekin bideratzea egitasmoa: "Beraz, guztion artean ordaintzen dugu, baina etekina enpresak hartzen du. Haiek bakarrik ezin dutenez, Eusko Jaurlaritza prest dago erraztasunak emateko, nahiz eta horretarako lege berriak egin behar dituzten, natura babesteko dauden legeak eta oso garrantzitsuak direnak baliogabetzeko. Hau oso larria da".

Jarri nahi dituzten aerosorgailuek 200 metroko altuera dute eta Bilboko Iberdrola eraikinak, adibidez, 165 metro

Lege moldaketak

Halaber, plataformak gogor salatu du legeak aldatu dituela Eusko Jaurlaritzak -Tapia Legea deiturikoa- udalei eskumenak kentzeko eta horrelako proiektuek eraginari buruzko azterlanik behar ez izateko.

Inguru naturalaren industrializatzea

Egitasmoaren aurkariek azpimarratu dute eremu naturalean aerosorgailuek izango duten eragina: "Mendiak hegazti migratzaileen aerobiak dira. Tamaina honetako aerosorgailu batzuek zarata eta itzal konstante eta garrantzitsuak sortzen dituzte, ez litzateke orain dugun natura eta aisialdi gunea izango. Errotek ere olio-ihesak dituzte lurra eta ura kutsatzen duten errotoreetatik, eta horiek ezinbestekoak dira gure bizi-kalitaterako".

Alternatibak

Zentzu horretan, bestelako neurriak proposatu dituzte haizearekin energia sortzeko: "Industrializatutako edo degradatutako eremuetan energia sor daiteke, bai pabiloi industrialen estalkietan, bai haize-sorgailu txikiagoekin, etxe partikularretan, eta abar...".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide