Mendi ibilaldiak egingo dituzte zentral eolikoek kaltetuko dituzten Aiaraldeko ingurune naturalak ezagutzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko uzt. 19a, 10:57

Jesuri eta Gorobelera egingo dituzte martxak talde ekologistek. / Aiaraldea.eus

Irailaren 10ean eta urriaren 29an egingo dituzte parke eolikoek Aiaraldean kaltetu behar dituzten ingurune naturalak ezagutzeko mendi martxak, Orozkon eta Amurrion, hurrenez hurren, "Babestu maite duzun mendia" lemapean.

Arabako Mendiak Aske plataformak mendi martxak antolatu ditu Araban eraiki nahi dituzten parke eolikoek kaltetuko dituzten ingurune naturaletara, "Babestu maite duzun mendia" lemapean. Uztailaren 23an abiatuko dute dinamika Aramaion egingo duten ibilaldiarekin, eta azaroaren 26ra arte luzatuko da. Izan ere, egun horretan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen.

"Zentral eolikoak jartzeko enpresa energetikoek aukeratu dituzten mendiak ezagutarazi nahi ditugu, ezagutzen ez dena ezin baita defendatu. Gure lurraldeko bizitza koherenterako ezinbestekoak diren espazio horiek defendatzeko, mobilizazio horietan parte hartzeko deia egiten dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Talde ekologisten iritziz, energia ekoizteko megaproiektu berriek ez diote egungo krisi ekosozialari erantzuten, non "elite baten onurarako baliabide naturalak agortzen dituen hazkunde mugagabeko eredua" sustatzen den. Salatu dute ere proiektu hauek guztiek "Eusko Jaurlaritzaren egungo ordezkariek lagundutako eskrupulurik gabeko konpainien epe laburreko interesei baino ez dietela mesede egiten".

Mendi martxak Aiaraldean

Aiaraldean ere egingo dituzte parke eolikoen aurkako irteerak, Orozkon eta Amurrion, hain zuzen ere, irailaren 10ean eta urriaren 29an hurrenez hurren. Ibilaldiaren data gerturatu ahala emango dituzte xehetasun gehiago antolatzaileek.

Irailaren 29an, Jesuri mendira egingo dute martxa. Bertan, Green Capital Development enpresak 200 metroko bost aerosorgailu altxatu nahi ditu. Proiektua hastapen fasean dagoen arren, honezkero argitaratu dute ingurumen-inpaktu azterketaren lehenengo zirriborroa, proiektuaren nondik norakoak aletuz.

Urriaren 29an, ordea, Gorobel mendilerrora joko dute talde ekologistek, parke eolikoen mehatxupean dagoen eskualdeko beste ingurune naturaletako batera. Gaztela eta Leongo gobernuak iaz iragarri zuen bi parke eoliko eraikitzeko asmoa Tologorri inguruan eta Angulo mendatetik gertu. Merindadeetako Mahai Eolikoak salatu du proiektua, hegaztien babesgune batean altxatu nahi dituztelako aerosorgailuak, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide