Osakidetzak gaur goizean zabaldu du koronabirusari buruzko txosten epidemiologikoa eta azken asteko zenbaketak aurrekoaren joera bera utzi du; beheranzkoa, alegia. Gauzak horrela, 17 kasu berri baino ez dira detektatu irailaren 5etik 11ra bitartean. Hau da, aurreko asteko positibo kopurua murriztu da. Lau herritan agertu dira kutsatu berriak eta udalerri kaltetuena Orozko izan da.
Abuztu amaierako salbuespena amaituta, hortaz, birusaren zabalpena berriro mugatu da. Uztailaren bigarren astean hasi zen modu ikusgarrian efektu hori; aste batean 122 gaixo berri zeuden eta uztailaren 11tik 17ra 76 baino ez ziren izan. Horrezkero, eta abuztuko bi aste kenduta, nabarmen jaitsi da COVID-19aren presentzia eskualdean.
Intzidentzia metatuaren tasari dagokionez, herri gehienek berdin jarraitzen dute: Aiarak, Artziniegak, Okondok, Arakaldok eta Arrankudiaga-Zollon ez dute aldaketarik izan esparru horretan. Laudiok eta Urduñak nabarmen murriztu dituzte euren tasak eta, azkenik, Amurriok eta Orozkok gora egin dute.