Hiru mobilizazio deitu dituzte Superberriakeko langileek asteburu honetarako, atzo iragarritako greba mugagabeari hasiera emateko.
Ostiral goizean elkarretaratzea egingo dute Bilboko Zapikaleetako dendaren aurrean (Banco de España Kalea, 3), 12:30ean. Arratsaldean mobilizazioa egingo dute Laudioko dendatik abiatuta (Zumalakarregi etorbidea, 13), 18:30ean. Larunbatean, aldiz, Amurrioko dendaren aurrean egingo dute protesta (Intxaurdio Kalea, 2)
Hala jakinarazi dute Enpresa Batzordea osatzen duten bi sindikatuek, (LAB eta CCOO), ohar bateratu baten bidez. Langileen ordezkariek salatu dute ez zaiela greba mugagabea deitzea beste aukerarik geratu. Euren hitzetan, ez dago dendak ixtea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. “Lehen negoziaketa bilera burututa, gero eta argiago dugu Enplegua Erregulatzeko Espedientea abiatzeko erabakiaren atzean ez daudela negozioaren zifra txarrak”, ziurtatu dute.
Era berean, azpimarratu dutenez, enpresak aurkeztutako dokumentazioa, “eskasa” izateaz gain, “argi-ilunez” beteta dago, eta ez du balio dendaren itxiera justifikatzeko. “Argi dugu SuperBerriakek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez”.
Horrez gain, Uvesco (BM Shop frankiziaren jabea) ere jo dute egoeraren erantzuletzat, eta bertako ordezkariekin ere bilduko direla iragarri dute. Superberriakeko jabeekin aldiz, gaur bertan izan dute bilera, eta dokumentazioan topatutako “hutsune eta irregulartasunak” plazaratu dituzte bertan, Enplegua Erregulatzeko Espedientea bertan behera uztea eta beste bide batzuk aztertzea exijitzeko. Ildo horretan, ate bat zabalik utzi diote enpresako zuzendaritzari, prest baitaude greba bertan behera uzteko, EEEa ere bertan behera utziz gero.
Roxyman, hiru greba egun
Bukatzeko, Superberriakeko enpresa batzordeko kideek gaineratu dute harremanetan daudela Roxymako langileekin. Barakaldoko BM Shop denda kudeatzen du enpresa horrek, eta jabe bera dauka. “Bertan ere ezarri nahi dute Enplegua Erregulatzeko Espedientea eta langileek hiru greba egun egingo dituzte, asteazkenetik ostiralera”.
SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo diote langileek#FuntsezkoakBeti
— LAB Aiara (@LABaiara) September 13, 2022
Zuzendaritzak dendak itxi eta 70 langile kalean utzi nahi ditu
Superberriak @BMSupermerkatua#KaleratzerikEZ#ItxierarikEZ pic.twitter.com/YSTt0RWtmG