Greba mugagabea abiatuko dute Superberriak kateko dendetan ostiral honetatik aurrera. Hala jakinarazi dute beharginek gaur Ugaon eginiko agerraldian. 'Argazki herrikoia' egin dute bertan, herriko jaien testuinguruan, eta aukera baliatu dute erabakiaren berri emateko.
Larunbatean egin zuten langileen batzarra, eta bertan erabaki zuten lanuzte jarraituari ekitea, supermerkatuetako jabeek aurkeztu duten Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka borrokatzeko.
Superberriakeko zuzendaritzak enpresa horretako denda guztiak itxi nahi ditu, 70 langile kalean utzita. Horrez gain, jabe berdinek beste bi entitate ere disolbatu nahi dituzte: Roxima 2020 SL.-n (Barakaldoko BM Shop denda kudeatzen duen entitatea) eta Grupo Basele S.L.-n. Hori guztia egingo balute, orotara, 90 behargin inguru geratuko lirateke kalean.
LAB sindikatuak du gehiengoa enpresan. Sindikatu abertzaleak "adi" egoteko deia zabaldu du, datozen egunetan deialdiak zabalduko dituztelako.