Bor-bor feminismo ildoak ikasturte berriko lehenbiziko asanblada iragarri du: irailaren 22an 18:30ean izango da -osteguna- Faktorian eta udazkeneko erronkak mahaigaineratuko dituzte bertan. Faktoriako feminismo ildoa da Bor-bor, eta elkarteak nabarmendu duenez, feminismotik eskualdea saretu eta ahalduntzeko jarduera ugari egingo dituzte datozen hilabeteetan. Horien artean daude Bor-bor solasaldi zikloak, topaketa feminsitak, Aiaraldeko emakume* sortzaileen azoka eta beste.
2018an sortu zen Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen baitan feminismo ildoa, eta 2020an hartu zuen Bor-bor izena egitasmoak. Hala, 5 urte hauetan makina bat ekintza egin dituzte bailaran euskaraz, feminismoa oinarri: Aiaraldeko emakumeen* topaketa feministak (2018an eta 2019an), solasaldiak, 'Nolako eragina izan du pandemiak Aiaraldeko emakumeengan*?' ikerketa (2020an), Aiaraldeko emakume* sortzaileen azoka (2021ean)... Horren adierazle da aurten Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historia bildu eta ezagutarazteko hartutako lana: argazki erakusketa ibiltaria eta dosierra osatu zituzten udaberrian.
Asanblada irekian azalduko dituzte udazkeneko ekintza eta proiektuen xehetasunak, eta norbanako zein kolektiboek euren intereseko gaiak edo ekintzak ere proposatu ahalko dituzte
2022ko udazkenari begira, programazio oparoa lantzen ari dira, eta deialdi irekia egin dute interesdun emakumeak* partaide ez ezik bidelagun izan daitezen. Izan ere, oraingoz, hauek dira esku artean dituzten ekimenak:
- Aiaraldea ahaldunduz eta saretuz hitzaldi zikloa
- Aiaraldeko emakume* sortzaileen azoka
- Munduko emakumeak* eta janak Aiaraldean
- Bor-bor aldizkariaren eta podkasten sorrera
- Norberak lekarkeena
Guzti horretarako lantalde desberdinak eratu nahi dituzte:
- Komunikazioa
- Koordinazioa eta saretzea (Hilabeteko asanblada irekia)
- Kulturartekotasuna
Edozelan ere, asanblada irekian azalduko dituzte ekintza eta proiektu berrien xehetasunak, eta norbanako zein kolektiboek euren intereseko gaiak edo ekintzak ere proposatu ahalko dituzte. Horretarako hitzordua datorren ostegunean izango da, "ahalik eta parte hartze handiena izateko, ohi bezala, bilera online jarraitzeko aukera ere emango dugu: labur.eus/feminismofaktoria estekaren bidez".