Langileen presioak fruituak eman zituen eta Superberriak enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretiratu zuen bart gauean. Azken unera arte luzatu zuten kudeatzaileek egoera. Izan ere, ia eguerdian sinatu zuten akordioa.
Gauzak horrela, beharginek bertan behera utzi dute greba mugagabera eta bihar itzuliko dira lanera. Mailakatuta hasiko dute jarduna, saltokiek ohiko erritmoa berreskuratu arte.
Bide luzea oraindik
LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkaritzek ateratako ohar batean azaldu bezala, greba mugagabea bertan behera utzi arren, "borroka ez da hemen amaitu". Superberriak zein BM enpresekin negoziaketa abiatuko dute orain, bart sinatutako akordiaren gainean. "Enpresaren aktibitatea zein gure lanpostuen mantentzea bermatu arte, erne, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu" adierazi dute langileen ordezkariek. "Argi dugu Superberriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu eta langileekiko erantzukizunez jokatuz".
Bart gaueko akordioaren arabera BM enpresa kudeatzen duen Uvesco konpainiak subrogatuko ditu Suberberriak taldeko langile guztiak, eta saltoki guztiak mantenduko ditu.
Borroka eredugarria
Superberriak enpresak irailaren 7an iragarri zuen saltoki guztien itxiera, guztira 90 lagun baino gehiago kale gorrian utziz. Langileek greba mugagabeari ekin zioten irailaren 16ean Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretiratu arte. Bost egunez luzatu da lanuztea, eta honen jarraipena %100ekoa izan da.
Hain zuzen ere, behargin guztien "batasuna eta determinazioa" goraipatu dituzte langileen ordezkariek. "Dendaz denda burututako piketeak, bezeroen elkartasuna, denden aurrean egindako bilkurak, Laudion burututako manifestazio jendetsua eta herri, eskualde zein bestelako lantokietatik jasotako elkartasun keinuak erabakigarriak izan dira. Batasuna, antolakuntza eta ekintza sindikala" nabarmendu dute LAB eta CCOO sindikatuek.