Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, AEK-k eta Aiaraldeko Berbalagun programak iaz abiaturiko Gurasoleku egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur eguerdian Laudioko Kasinoan. Amurrion abiatutako proiektuak Laudiora ere egingo du jauzi ikasturte berri honetan.
Izan ere, Laudioko Udal Euskaltegia eta haur-eskola eta haur hezkuntzan ari diren ikastetxe guztiek heldu diote erronkari: Matxintxu haur-eskola, Fabian Legorburu ikastetxea, Lamuza eskola, La Milagrosa ikastetxea, Laudio ikastola eta Latiorro ikastetxea.
Laudioko hezkuntza zentro horiei, iaz Amurrioko esperientzian parte hartu zuten heziguneak batuko zaizkie: Amaurre ikastetxea, Aresketa ikastola, Mendiko eskola, Zabaleko ikastetxea eta Tantaka eta Tipitapa haurreskolak.
Egitasmoarne bultzatzaileek "pozgarritzat" jo dute Laudioko heziguneen erantzuna, bai eta iaz Amurrion engaiatutako eragileek berriro ere ekimenean parte hartzeko erakutsitako prestutasuna. ere. "Erantzun hau pozgarria da oso guretzat eta lanean jarraitzeko hauspoa ematen digu" adierazi dute Laudioko Kasinoko aurkezpenean.
"0-5 urte bitarteko haurrak dituzten familien baitan euskararen transmisioa bultzatzea" da Gurasoleku egitasmoaren helburu nagusia. Horretarako eragile ezberdinen arteko elkarlana baliatu, sentsibilizazioa landu, marko teoriko bat azaldu eta tresna pertsonalizatuak eskainiko ditu proiektuak.
Hilabeteko lanaren emaitza da gaur aurkeztutako Gurasolekuren bigarren edizioa. Hasteko, 0-5 urte bitarteko haurren irakasle-tutoreei formakuntza saioak eskaini dizkiete; "euskararen aurrean gurasoak sentsibilizatzeko bideak eta aholkuak azalduz eta eskaintza helarazteko tresnak emanez".
Horrez gain, gurasoekin ere bilerak egin dituzte; euskararen inguruko gogoetak partekatu eta euskalduntzean pausoak emateko aholku praktikoak eskaintzeko.
Proiektuan parte hartu nahi duten familiek hezkuntza zentroetako zuzendaritzekin harremanetan jartzea besterik ez dute.
BIDEOA | Laudioko Kasinoan aurkeztu dute Gurasoleku egitasmoaren bigarren edizioa. Aurten, Amurrion ez ezik, Laudion ere gauzatuko dute proiektua.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) September 28, 2022
Christian Alemany @eusk_kontseilua|ko kideak eman dizkigu argibideak pic.twitter.com/XfxzWvr6IE
Hiru atal
Programak hiru atal izango ditu, familiak euskararen transmisioan modu integral batean murgiltzeko: Euskara ikasteko bidea ematen duen 'Guraso euskaltegia', mintza praktika egiteko 'Gurasolagun' programa eta aisialdia familian eta euskaraz gozatzeko 'Gurasolagun agenda'. Esteka honetan aurkitu daiteke egitasmoaren inguruko informazio gehigarria.
Etorkizunera begira
Gurasoleku egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu berri duten arren, honezkero datorren ikasturtera begira jarri dira ekimenaren sustatzaileak. "Ibilian moldatu eta zabaldu nahia dugun proiektua da GURASOLAGUN, eragile berriak batuz eta eskaintza handituz urtez urte" adierazi dute Airaldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek, "aurten, Amurrion izan genuen erantzun ona akuilu, Laudiora zabaldu dugu ekimena. Hurrengo urteetan Aiaraldeko gainerako 7 udalerrietara zabaltzeko lan egingo dugu".