Atzo gauerdian amaitu zen Aiaraldea Komunikabidearen aurtengo Udako Argazki Lehiaketa. Aurreko egunean aipatu bezala, 'Mundua' kategorian lehia estua egon zen eta 'Aiaraldea' atalean, aldiz, argi gailendu zen Luis Miguel Escudero, Gau bat Santa Marina mendi tontorrean lanari esker.

Eskualdetik kanpoko esparruan, ordea, hiru irudiren artean egon da borroka ia azken unera arte. Lo eta lo argazkiak 274 boto izan ditu, Paradisua irudiak 268 eta Turkesa lanak, aldiz, 230. Lehenengo bien egilea Oskar Sanchez izan da eta hirugarrena, ordea, Gorka Fernandez Crespok hartu zuen.
Gauzak horrela, irabazleek honako sari hauek jasoko dituzte: Laudioko Fabrik tabernan 2 lagunentzat afaria eta Ondarruko Arrigorri aterpetxean 2 lagunentzat gaua eta gosaria.
Guztira, kalitate handiko 93 argazki jaso dira lehiaketan eta bozketa fasean 642 erabiltzailek eman dute bere iritzia. Hau da, guztira 1.926 boto egon dira, bakoitzak hiru boza eman behar baitzituen.