Bor-bor Aiaraldeko Feminismo elkarteak egitasmo berria plazaratuko du aurki. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historiarekin argazki erakusketa atondu zuen udaberrian, eta bailarako herrietan barrena ibili da geroztik. Orain, ordea, beste formatu bati helduko diote: tribial digitala.
Hain zuzen, urriaren 12an -datorren asteazkena- 18:00etan aurkeztuko dute proiektua, Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Gardeako industriagunean, Errotari kaleko 4-8 pabilioian) eta jolasteko parada eskainiko dute, aurreratu dutenez.
Horretarako, 60 galdera baino gehiagorekin osatutako jolasa prestatzen eman dituzte azken hilabeteak. Ildo beretik, historia laburbiltzen duen podkasta ere ekoitzi dute, argazki erakusketan zehar entzungai egongo dena.
Ekimenaren aurkezpenaz gain, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historiari buruzko argazki erakusketa atonduko dute gunean. Ekitaldia irekia eta doakoa izango da.