Apdemako langile batzordeko presidente Ritxar Astegieta Arrietak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio elkarteko langileen artean ezinegona sortu dela Arabako Foru Aldundiak iragarri ostean desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako egoitza bat eta eguneko zentroa egingo dituela Aiarako Kuadrillan. Berez, beharginen ordezkariak azpimarratu du eurek ez dakitela ezer egitasmoari buruz.
Printzipioz, albistea positiboa da Apdemarentzat: "Egoitza-zentroa irekitzeak Laudioko talde-etxearen irisgarritasun-arazoarekin amaituko zuela adierazten zen, gaur egun Apdemak kudeatzen duen etxea baita. Irisgarritasun arazo horrekin amaitzeko lehen interesatuak gara, izan ere, bai erabiltzaileek bai langileek urte asko daramatzate arazo hori pairatzen, eta egoera hori behin baino gehiagotan salatu du Apdemako enpresa batzordeak (ez dezagun ahaztu taldeko etxea Arabako Foru Aldundiarena dela, nahiz eta Apdemak kudeatu)".
Hala ere, informazio falta kezkagarria iruditu zaie langileei, euren ordezkariaren aburuz: "Apdemak gaur egun Aiaraldean kudeatzen dituen etxeetako langileek kezka agertu zuten (taldeko etxe 1 Laudion, 10 erabiltzailerekin, eta beste bat Amurrion, 4 erabiltzailerekin). Bi etxeen artean 20 pertsona inguruk egiten dute lan)".
EH Bilduren bitartez, langileek eskatu diote Emilio Solari azalpen gehiago emateko hedabideetan agertutakoari buruz, eta euren asmoa da diputatuaren agerraldian informazio gehiago eskuratzea: "Espero dugu lortzen den informazioak Laudioko eta Amurrioko etxeetako langileak eta familiak lasaitzeko balio izatea".
"Beste behin ere ikusezinak sentitu gara, pandemian ezinbestekoak izan ginen, baina gaur egun, informatzeko eta gure zerbitzuak finantzatzeko orduan, ez gara garrantzitsuak. 2021eko urtarrilaren 1etik ez dugu soldata-igoerarik izan, eta azken bi urteetako KPIaren igoera kontuan hartuta, pobretu eta prekarizatu besterik ez gaitu egin", adierazi du langile batzordeko presidenteak.
Hori guztia dela medio, Apdemako beharginek elkarretaratzea egingo dute urriaren 27an, 12: 00etan, Batzar Nagusien aurrean.