Green Capital enpresak azeleragailua sakatu du Jesuriko parke eolikoaren eraikuntza bideratzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 12a, 17:00

Bizkaia dorrean ireki du bulegoa Green Capital Development S.L. enpresak. / Fred Romero

Capital Energy enpresak bulego berria ireki du Bilboko Bizkaia dorrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eraiki nahi dituen zentral eolikoen proiektuak bideratzeko asmoz. Horien artean aurkitzen da Jesuri mendi inguruan eraiki nahi duten Larragorri parke eolikoa.

Capital Energy - Green Capìtal Development S.L. enpresak egoitza berria ireki du Bilboko Bizkaia dorrean. Vocento taldeak argitaratutako informazio baten arabera, Jesus Martin Buezasen enpresak bertatik bideratu nahi ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aurreikusita dituen zentral eolikoak. Guztira zazpi dira euskal lurraldean konpainiak aurrera atera nahi dituen proiektuak. Horien artean aurkitzen da Jesuri mendi inguruan eraiki nahi duten Larragorri parke eolikoa.

Ingurumen inpaktu azterketa

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, bere aldetik, Green Capital Development enpresa promotoreak egin beharreko ingurumen inpaktu azterketaren irismena aletzen duen txostena argitaratu du. Ingurumen inpaktu azterketa dokumentuaren irismena ezartzerako orduan, Jaurlaritzak enpresak aurkeztutako behin behineko txostena eta kontsulta fasean jasotako ekarpenak hartu ditu oinarritzat.

Martin Buezasen enpresak ekainean aurkeztu zuen oinarrizko txostena, eta bertan aletu zituen Jesuriko proiektuaren nondik norakoak, obren iraupena edota aerosorgailuen nolakotasuna kasu. 

Guztira 193.968 metro kubiko lur induskatu eta erretiratuko dituzte lurzoruaren kotak berdintzeko asmoz

Jaurlaritzak igorritako irismen dokumentuak ere azaltzen ditu balizko zentral eolikoak izango dituen ezaugarriak bai eta ingurunean eragingo dituen kalteen inguruko hainbat xehetasun. Datu horien artean, mugitu beharreko lur kantitateak aletu dituzte: 193.968 metro kubiko lur induskatu eta erretiratuko dituzte lurzoruaren kotak berdintzeko asmoz, 42.955 landare-lur erretiratuko dituzte eta, azkenik, ezpondak eraikitzeko 112.497 metro kubiko lur mugitzea aurreikusi dute.

Aerosorgailu bakoitzaren aldamenean, muntaketa-plataforma bat eraikitzeko beharra zehazten du dokumentuak: "aerosorgailu bakoitzaren ondoan, osagai handiak metatzeko plataforma bat garbituko da, bai eta tona askoko garabia muntatzeko eta operatzeko plataforma bat ere, aire-sorgailua altxatzeaz arduratzen dena. Plataforma horiek parkeko bideekiko paraleloan jartzen dira". Aurreikusitakoaren arabera, 3.500 metro koadro inguru izan dezakete plataforma horiek.

Aerosorgailuak sor ditzaketen kalteen harira, Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak onartu du instalazioek hainbat hegazti espezie kaltetu ditzaketela. "Proposatutako aerosorgailu gehienak sentsibilitate handiko eremuetan daude, eta hegazti-faunaren gaineko eragina aurreikus daiteke", aitortu dute txostenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide