Atzo -ostirala- gauzatu zuten BM supermerkatu katearen, Superberriakeko zuzendaritzaren eta langileen artean erdietsitako akordioa. Beharginak Uvescoren (BM katearen jabea) eskuetara igaro dira, Laudio, Amurrio, Ugao eta Bilboko dendekin batera. Modu horretan, hemendik aurrera enpresa horrek Araba eta Bizkaian duen lan hitzarmena aplikatuko zaie langileei.
Gauzak hala, amaiera eman diote irailean abiatutako gatazkari. Denda guztiak itxi eta langile guztiak kaleratzeko asmoa adierazi zuen orduan Superberriakeko zuzendaritzak. Langileek greba mugagabea abiatu zuten, eta babes zabala jaso zuten herritarren partetik egun horietan egindako mobilizazioetan. Borrokak emaitzak izan zituen: Superberriakeko zuzendaritzak bertan behera utzi zuen Enplegua Erregulatzeko Espedientea, dendak eta langile guztiak Uvescori subrogatzea onartuta. Hori da atzo egin zutena.
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, dendak itxita egongo dira ostegunera arte, trantsizioa burutzeko.