Osakidetzak gaur argitaratu du, astelehenero bezala, pasa den asteko txosten epidemiologikoa. Gauzak horrela, 16 kutsatu berri detektatu ditu osasun sistema publikoak eskualdean, hau da, duela bi aste baino zazpi gutxiago. Datu horrekin, beherazko datua itzuli da Aiaraldera, hiru asteko gorako joera apurtuta.
Dena den, aintzat hartu beharra dago gorakada hori oso erlatiboa izan dela. Berez, irailaren bigarren asteko txostenak urteko daturik baxuena -12- utzi zuen eta, hurrengo hiru asteetan gainditu bazuten ere, kopuruek ez zuten inoiz bikoiztu marka hori, 23 izan baitzen zenbaketa altuena.
Beste datu positibo bat utzi du pasa den asteko txostenak. Izan ere, duela bi aste lau udalerri zeuden eremu gorrian eta pasa den astean, aldiz, bakarra; Arrankudiaga-Zollo. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da aste osoan gaixo berri bakarra egon dela udalerri horretan. Hortaz, egoera ez da inondik inora larria. Horrez gain, udalerri hauetan are gehiago jaitsi da tasa azken astean: Amurrion, Artziniegan, Aiaran, Laudion, Orozkon eta Urduñan.