ERREPORTAJEA

Ziberrerasoak, guztion arrisku eta arazo

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urr. 27a, 06:00

Aiaraldea Komunikabideaz gain, beste zenbait hedabide eta komunikazio proiektu erasotu dituzte azkenaldian hackeatzaileek. Zer egin daiteke, ordea, arriskua ekiditeko edo murrizteko? 

Sare sozialetako kontu lapurretak, blokeoak… eguneroko ogi dira espazio digitaletako erasoak. Bestelako komunikazio tresnetan ere areagotu da joera. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, %80 egin dute gora delitu informatikoek azken lau urteetan. “Delitu horien %90, gainera, iruzurrak ei dira”, adierazi du Joxe Rojas adituak Teknopata.eus webgunean. 

Aiaraldea Komunikabideari, esaterako, irailaren 28an lapurtu zioten Facebook kontua, eta Youtubeko eduki guztiak blokeatuta dauzka egun enpresa teknologiko multinazionalak, arauak urratu izanagatik. Zehazki, kriptotxanponen inguruko spam edo “publizitate erasokorra” sartu zuten komunikabidearen kanalean; eta publizitate hori  Youtubeko arauen kontra doala-eta, 2010.urteaz geroztik Aiaraldea Komunikabideak ekoitzitako ehunka bideo blokeatuta edo “ez erabilgarri” daude uneotan. Facebook kontua ere lapurtu dute, pasahitzak berreskuratzeko datuak aldatuta. Alabaina, Aiaraldea Gaur orria izanik (eta kontua lapurtzeko erabilitako posta helbidearekin sortuta ez zegoenez) albo kalteak txikiagoak izan dira Facebooken  Aiaraldea hedabidearentzat. Youtubeko ikus-entzunezkoak berriro ikusgai jartzeko helegitea ipini dio Aiaraldea Komunikabideak enpresari, baina erantzunaren zain dago oraindik. Bien bitartean, behin-behineko kanal batean plazaratuko dira hemendik aurrera ekoitzitako ikus-entzunezkoak.  Aiaraldea Komunikabidea izango da hackeatzeak iraun bitartean baliatuko den behin-behineko Youtube kontua.

2010.urteaz geroztik Aiaraldea Komunikabideak ekoitzitako ehunka bideo blokeatuta edo “ez erabilgarri” daude uneotan

Pantailak Euskaraz ekimenaren Twitter kontuan ere kriptotxanponen inguruko mezuak eta bideoak plazaratu zizkieten urriaren 11n; eta horrenbestez, kontuak blokeatu dizkiete arrazoi beragatik. “Konturatu bezain laster saio guztiak gailu denetan itxi eta pasahitzak aldatu genituen. Arazoa konponduta zegoela uste genuenean, urriaren 14an, Twitterrek bertan behera utzi zuen gure kontua arau hausteagatik. Oraindik ez dugu berreskuratu. Hainbat eskaera egin dizkiogu Twitterri, eta sareetan ozen salatu dugu”, adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari. 

Hamaika Telebistako Maddi Mochales digitalizazio eta edizio buruak ere gogoan du udan jasandako identitate lapurreta: “Aldaketa bakarra izenean '_' ikurra gehitu zutela zen: erabiltzailearen begietara, ia ezberdindu ezineko aldea. Identitatea lapurtu ziguten erabiltzaileen datuak lortzeko”. Kriptotxanponei buruzko edukiak zabaltzen hasi ziren kontu horretatik, eta konturatu orduko moztu zuten bidea: “Kontu hori ez segitzeko eta mezua zabaltzen laguntzeko eskatu genien jarraitzaileei. Egia da komunitateak segituan erantzun eta arazoaren berri hedatzen lagundu zigula”.

Argia komunikabideari Twitter eta Facebooken ingelesezko mezu automatikoak argitaratu zizkieten ordenagailu batean sartutako birus bat oinarri: “Mezuak ezabatu, plataforma horien pasahitzak aldatu eta arazoa konpondu genuen. Lan gehiago eman zigun Youtubeko kanala kudeatzeko gmail kontuak: Googlek pasahitza aldatzeko daukan sistema automatizatuen bitartez guk ezin izan genuen pasahitza berreskuratu”. Argiako Axier Lopezen hitzetan, aspaldi sortutako helbidea izanik, “gakoak eguneratzeko jarritako telefono zenbakia aspaldikoa zen eta ez zegoen erabilgarri”. Alabaina, Googlen langile ezagun baten bidez lortu zuten Youtubeko kanal hori eurena zela erakustea eta jabetza eskuratzea.

Infosareaneko Ion Aldanondok ere ez du ahaztu 28 kanalari (Tolosaldeko telebista) pasatakoa: “Orain hiru urte 28 Kanala lapurtu ziguten, eurena egin zuten kontua eta genituen jarraitzaile zein jarraitzen genituen kontaktu guztiak galdu genituen. Ez zen modurik egon berreskuratzeko. Kontu berria sortu behar izan genuen, zerotik hasita”.

Topaguneari ere Euskaraldiko kontua kendu zioten aurreko edizioan, eta Halabediri Youtubeko kanala itxi zioten duela zenbait urte. Gutxienez, beraz, zazpi dira halako erasoak aitortu dituzten euskarazko komunikabideak edo komunikazio proiektuak. 

Gutxienez, zazpi dira halako erasoak aitortu dituzten euskarazko komunikabideak edo komunikazio proiektuak

Arriskua ekiditeko zer egin?

Urtzi Odriozola Codesintaxeko webgune garatzailea argi mintzo da: “Ziberrerasoen atzean motibo asko daude: bada afizio gisa zaurgarritasun teknologikoa topatzea gogoko duen jendea; eta beste batzuk dirua eskatzeko erabiltzen dute, extortsio gisa”. Zerbitzuen ukapenak, birusak, arau urraketen blokeoak… Geroz eta kasu gehiago daude eraso digitaletan ere, “jakintza izanez gero, mila aukera daude”. Irekitako wifietan ere datu eta informazio guztia pilatzen da segundo gutxitan, esaterako. 

Zuloak sare guztiek dituzte, eta hortaz, ez da komeni pasahitz berdinak izatea toki guztietan, “zenbakiak, maiuskulak, minuskulak, zeinu eta ikurrak tartekatu; eta aldiro aldatu. Pasahitzen zaintzarako aplikazioak ere badaude, informazio hori gorde eta eguneraketa gogorarazteko”. Zaintza eta ezagutza behar ditu mantenuak, Odriozolaren esanetan: “Guk, esaterako, Enpass erabiltzen dugu, gakoak pasahitzekin babesteko. Azkenaldian bi faktoretako egiaztatzea ari gara jartzen, sarbide gakoaz gain. Giltza bat  bezalakoa da, eta mugikor zenbakian bakarrik dauden 6 zenbakiko digitoak eskatzen dizkizu aplikazioak. Norbaitek zure pasahitza badu, bigarren gakoa behar du”. Gaur egun, sare sozial denek dute aukera hori, gainera: Twitterrek, Facebookek… “Hargatik, jende guztiari aplikatzeko gomendatuko nioke. Behin erasoa jasanda, salduta zaude. Salatu bakarrik egin dezakezu. Aurretik hartu behar dira neurriak, ondoriorik ez izateko”. Prebentzioan dago gakoa, beraz.

Noren esku uzten dugu gure pasahitz eta informazio oro? “Argi dago software libreko eta hemen egindako sistema eragileak eta aplikazioak erabiliko bagenitu, segurtasun arazo gutxiago izango genituzkela. Ez dakigu gertatutakoa eraso aleatorioa edo berariaz guri egindakoa izan den. Idazten eta elkarbanatzen dugun guztia edonoren esku egon daiteke”, kontatu du Ibon Iza Pantailak Euskaraz kasua ardatz.

Babesteko zirrikituak

Sare sozialetako segurtasuna handitzeko pautez galdetuta, pasahitzak maiz aldatzea ezinbestekotzat jotzen du Maddi Mochales Hamaikako kideak. Eragile edo hedabideon kasuan orrialdeak erabiltzea profilen ordez ere proposatu du, “eta orriak kudeatzeko profil ezberdinak baimentzea, hackeatzerik egotekotan beste erabiltzaile eskumendunekin azkar erreakzionatu eta blokeatzeko” aukera izateko. Hamaika Telebistaren kasuan eduki guztiak, zerbitzari propioan kokatzea erabaki zuten: “Giga eta artxibo mordoa eta eduki digital pila sortzen ditugu egunero”. Inbertsio ekonomikoaren jakitun, bestelako alternatibak ere aipatu ditu: “Badira open source plataformak ere, bertan edukiaren kontrola handiagoa da norberaren esku geratzen baita”. 

Argiako Axier Lopezentzat, multinazionalekiko menpekotasunaren ondorioak handiak dira: ”Horrelako prozesuen aurrean umezurtz uzten zaitu. Horrekin ez dut esan nahi Facebook  Twitter, Youtube edo jendearen gehiengoak erabiltzen dituen plataformetan egon behar ez dugunik; menpekotasuna txikitzen joan behar dugula baizik”. Bide horretan doako alternatiba libreak mahaigaineratu ditu Lopezek: “Adibidez, Peertuben argitaratzen ditugu bideo guztiak. Argiaren gmail kontuaren kontrola galdu genuen hartan, Google Analitycs ere kendu ziguten, baina ordurako Matomo erabiltzen genuenez, ez zigun estatistiken kontrola eragotzi,  datu horiek gure zerbitzarietan zeudelako, eta ez AEBn Googleko ordenagailu batean”. "Tresnak ez dira neutroak", nabarmendu du. “Doako zerbitzuetan geu gara produktua. Gure informazioa doan eskaintzen diegu multinazional pribatuei, eta kontrola galtzeko arriskua askoz handiagoa da haien mende utziz gero”. Soluzioa burujabetza teknologikotik etor daiteke: “Gutxienez saiatu beharko ginateke guk kontrolatutako beste leku seguruetan informazio guztia izaten, eta ahal dela tresna libreak erabiltzen”. 

Zero kilometroko kontzeptua landu beharko genuke Ion Aldonondoren iritziz ere. “Gure zerbitzari eta aplikazioak landu, etxekoa etxekotik kontsumitzeko; eta gure informazioa non dagoen zehatz jakin, zaindu eta berreskuratzeko aukera izateko”.

Bien bitartean, bakoitzak bere identitate eta ingurune digitalak babesten jarraitu beharko du, ziberrerasoen olatuak ez dezan kontu gehiago harrapa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide