Arimen Gauak ikara eta dibertimendua zabalduko ditu Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 27a, 17:45
Haurrak mozorratu egingo dira igandean Arimen Gaua ospatzeko.

Azken urteetan Arimen Gauaren ospakizunak berreskuratu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, Aiaraldean tartean. Asteburu osoan zehar ekintzak antolatu dituzte eskualdean, haur zein helduentzako.

Globalizazioaren eta Ameriketako Estatu Batuen hegemonia kulturalaren ondorioz, modu aski ironikoan berreskuratu du Aiaraldeak ia galduta zuen ohitura: Arimen Gaua. Ospakizun hori Halloween jaiaren baliokidea izan da Euskal Herrian antzinatik eta oraindik eskualdean horren lekukotzak topatzea posible da.

Erro horietatik tiraka, beldurra eta dibertsioa uztartzeko hamaika ekintza prestatu dituzte hurrengo egunetarako Aiaraldean. Gehienak haurrentzat badira ere, badaude helduei bideratutako zenbait ere. Egitarauez gain, haurrak mozorrotuta aterako dira kalera goxoki eske, baina ez ahaztu eskaintza zabala egongo dela eskualde osoan.

Batzuek bihar bertan hasiko dituzte ekimenak. Esaterako, Artziniega Museoak bere eguneroko jarduera aldatu eta bisita gidatu ikaragarria gauzatuko du bihar 19:30ean. Parte-hartzaileek kandelak eraman beharko dituzte eta ohiko azalpenen ordez, Arimen Gaua izango da protagonista. Horrez gain, ezustekoak egongo dira ibilbidean zehar. Interesdunek erreserba egin beharko dute 945 396 210 telefono zenbakian edota hurrengo helbide elektronikoan: artziniegakomuseoa@gmail.com.

Udalek eta elkarteek Arimen Gaua ospatzeko hamaika aukera emango dituzte hurrengo egunetan; jaiak, ibilbide ikaragarriak, tailerrak...

Orozkoko Gaztetxokoak ere 'Beldurarren tunela' irekiko du ostiralean 18:00etatik 21:00ak arte, eta larunbatean eta igandean 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Bikoteka egingo dute umeek ibilbidea -lagun batekin edo senideekin egin dezakete- eta horretarako 10 minutu izango dituzte. Haurrek eurek erabakiko dute izuak nahi dituzten eta argiak piztuta egotea nahiago duten, hori bai, sorpresak aurkituko dituzte bidean. Aurretik izena eman beharra dago infoinduma@yahoo.es helbidean edo 946 33 99 45 telefono zenbakian.

Larunbata

Laudioko Udalak Sorgin Zapatuak ekimena Gau Beltzan oinarrituko du, mozorroekin eta kalabazekin eta Laudion ere Drumgorri Aretoak Halloween DJ Jaia ospatuko du. Luiaondon 3 eta 4 urte bitarteko haurrentzako sukaldaritza beldurgarriari buruzko tailerra eskainiko dute 17:30ean. Artziniegan Arimen Gauaren inguruko tailerra prestatuko dute eguerdian Domekero egitasmoaren barruan.

Astelehenean ekintza gehienak

Egitarau gehienek astelehena hautatu dute egun nagusi. Horrela,  Urduñan egun osoan egongo dira jarduerak: ipuinak, musika, photocalla eta dantza, besteak beste.

Laudion, aldiz, arratsalde osoa hartuko dute ospakizunek, gaua heldu arte. Aurpegiak margotuko dituzte hasteko, eta gero beldurrezko ibilbidearekin, neguari ongi etorria eginda, Bi Hotsak abesbatzako kontzertuarekin eta txokolatea janda igaroko dute eguna.

Okondon Partyman-en musika eta dantza emanaldia eta txokolatea eskainiko dute eta jarraian Partymanek berak ikuskizuna Orozkora eramango du.

Amurrion Dantzatzeko Prest ikuskizunak 18:00etan hasi eta 21:00etan amaituko da Juan Urrutia plazan.

Aiaran ekintzak biderkatuko dituzte. 17:30ean sukaldaritza tailerra eta disko diskofesta egongo da Arespalditzan eta 19:30ean Diskofesta Luiaondon.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide