Emaitza positibo historikoak erdietsi ditu Tubacexek urteko lehen 9 hilabeteetan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urr. 31a, 16:19

Bi ekoizpen zetro ditu Tubacexek eskualdean. / Aiaraldea.eus

20,3 milioi euroko irabazi netoak (zergak ezarri baino lehen) lortu ditu multinazional aiaraldearrak urtarriletik irailera bitartean, eta 1.500 milioi euro baino gehiagotan baloratutako eskaerak ditu pilatuta. 

Oso baikor azaldu da Tubacexeko zuzendaritza 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan lortutako emaitza ekonomikoekiko. Multinazionalak 20,3 milioi euroko irabazi netoak (zergak ezarri baino lehen) lortu ditu. Gainera, denbora tarte horretan lortutako EBITDA (zerga eta zorrak ezarri baino lehen lortzen den emaitza) 2019 osoan lortutakoa gainditu du dagoeneko. 

527,1 milioi eurotan baloratutako salmentak egin ditu 9 hilabeteetan. Jesus Esmoris kontseilari delegatuak adierazi du enpresa hazkunde fase batean murgilduta dagoela, "gaur egungo testuinguru makroekonomikoa oso zaila den arren". Ildo horretan, enpresak gogorarazi du ekoizpen zentro berriak ireki dituela Guyana, Kazajistan, Brasil eta Estatu Batuetan. 

Eskaera kopuru "historikoa"

Etorkizuna ere oparoa izango dela dirudi multinazionalarentzat, bere historiako eskaera-zorro handiena baitu. 1.500 milioi euro baino gehiagotan baloratutako enkarguak ditu egiteke. Kontuan hartu behar da Tubacexek iragan ekainean sinatu zuela bere historiako kontratu handiena Arabiar Emirerri Batuekin, eta modu horretan lortu duela marka historiko hori erdiestea. 

Emaitza positibo historiko horiek kontraste handia egiten dute multinazionalak duela bi urte plazaratutako albisteekin. Egoera ekonomiko larria pairatzen ari zela esan zuen enpresak orduan, eta hori argudiatu zuen 150 langile kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkezterako orduan. Langileek greba mugagabea abiatu zuten horren aurka, eta azkenean kaleratzeak bertan behera uztea lortu zuten. 

Energia nuklearrean begirada

Etorkizunera begira, proiektu berrietan murgiltzeko asmoa adierazi du multinazionalak. C02a jaso eta biltzeko garapen zehatzak egiten hasi da. Nabarmendu duenez, abiatu berri den sektorea da hori, baina "etorkizun handia" du. 

Horrez gain, energia nuklearrean ere jarri du begirada, Europar Batasunak "trantzisioko energia" moduan sailkatu duela probestuta. Indian 10 zentral nuklear eraikitzen laguntzeko asmoa du multinazionalak. Era berean, ikatzaren sektoreari lotutako proiektuetatik apura apurka aldendu nahi du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide