Aiaraldearrek denetariko jarduerak antolatu dituzte egunotan emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko. Ekitaldiok ez dituzte azaroaren 25era mugatu, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunera; hilabete osoa daramate aldarria kaleratzen, eta eguna igaro ostean ere egongo da jardueraren batean parte-hartzeko aukera.
Azken asteotan han eta hemen izan diren ekitaldien artean aipatzekoak dira hitzaldiak, erakusketak, aurkezpenak, zineforumak, antzezlanak, ipuin-kontalariak, mintzodromoa, autodefentsa feminista ikastaroa, sorkuntza kolektiboak eta Beldur Barik sarien banaketa.
Auzia jendarteratu eta gero, aldarrikapenerako eguna izango da biharkoa. Eskualdeko herri guztietan mobilizazioak egingo dituzte indarkeria matxista gaitzesteko:
- Aiaran 18:00etan elkarretaratzea ferialean
- Amurrion 19:00etan manifestazioa plazatik
- Aretan 19:00etan elkarretaratzea
- Artziniegan 19:00etan elkarretaratzea La Villako iturrian
- Laudion 18:30ean elkarretaratzea eta mobilizazioa, herriko plazan
- Okondon 19:00etan elkarretaratzea frontoian
- Orozkon 19:00etan elkarretaratzea herriko plazan
- Urduñan 19:30ean elkarretaratzea Foru plazan
Mobilizazio nagusiez gain, arratsaldean zehar bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Urduñan, esaterako, 7 diosas pelikularen inguruan zineforuma egingo dute Alondegian, 17:00etan. Amurrioko antzokian Zerupean haurrentzako ikuskizuna emango dute, 17:00etan eta 18:30ean. Okodon ere haurrentzako jarduerak egingo dituzte bihar: 17:00etan tailerrak eta 18:00etan Antxo eta Pantxa antzerkia. Aretan 18:00etan murala margotuko dute Altamira plazan eta elkarretaratzearen osterako monologoa, afaria eta tertulia antolatu dituzte. Amurrion ere mural parte-hartzailea inauguratuko dute, 18:00etan frontoi kalean, Zankueta koralak girotuta, eta elkarretaratzearen ondoren jaialdi ez mistoa egingo dute Gaztetxean. Artziniegan 17:30ean La Villako iturrian loreak landatuko dituzte koro feministak lagunduta.
Ikas-zentroei dagokienez, Amurioko Zaraobe institutuan elkarretaratzea eta hitzaldia antolatu ditu Ikasle Abertzaleak erakundeak. 11:15ean egingo dute kontzentrazioa eta ostean izango da esposaketa, Zergatik jasaten dugu emakume langileok biolentzia matxista? goiburupean.