LIDLeko plataforma logistikoko lan hitzarmena sinatu dute, bost eguneko greba egin ostean

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 5a, 11:51

Langraitz Okan bost eguneko greba egin dute langileek, euren artean Aiaraldeko asko zeuden. / Hala Bedi

Langraitz Okan dago LIDL supermerkatuen puntu logistikoa, Laudiotik hara eraman eta gero. Dena den, eskualdeko dozenaka langilek dute han lanpostua.

LIDL enpresako plataforma logistikoko beharginek bost eguneko greba mugagabea amaitu zuten atzo. Lanuzteak deitu behar izan zituzten, konpainiak estatuko lan hitzarmena ezarri nahi baitzuen.

Horrek tira-birak eragin ditu ez soilik enpresarekin, baita zenbait sindikaturen egiturekin ere. Izan ere, CCOO erakundeko ordezkariek bat egin zuten deialdiarekin sindikatuaren iritziaren kontra, enpresaren erabakia babesten baitzuen zuzendaritzak. Batzordean bederatzi ordezkari daude eta hiruna kide dituzte ELAk, CCOOk eta Independenteek.

Gauzak horrela, asteartean hasitako greba atzo amaitu zen eta ELA sindikatuak positiboki baloratu du borroka. Hurrengo lorpenak azpimarratu ditu langile erakundeak:

  • Ultraaktibitate mugagabea izango du eta bete behar izateko bermea.
  •  %20tik gorako soldata igoerak izango ditu, eta KPIk kopuru hori gainditzen badu, igoera handiagoak izateko aukera izango du hitzarmenaren indarraldiaren amaieran.
  •  Prekaritatea desagerrarazteko urratsak egingo dira, aldi baterako kontratuekin enpresarentzat lan egiten zuten 60 pertsona finkatuta, nahiz eta haien lana egiturazkoa izan.
  • Urteko lanaldia murriztuko da, opor egun bat gehiago izango dute, eta malgutasuna eta poltsa kenduko dituzte.

Gogoratu beharra dago Langraitz Okan dagoela egun LIDLen azpiegitura, baina hori baino lehen, Laudion zegoen. Toki aldaketa gertatu zenean, sindikatuek negoziatu zuten enpresak berak garraioa eskainiko ziela Laudioko beharginei. Hori dela eta, dozenaka aiaraldearrek dute orain lanpostua Langraitz Okan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide