Langraitz Okako industriagunera mugitu dute Laudioko LIDL biltegia

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 18a, 16:34

Langile bat LIDLeko pabiloiko kartelak kentzen. / Aiaraldea.eus

Atzo, urriak 17, zuten azkenengo lan eguna LIDL supermerkatu katearen Laudioko lantegian. Azpiegitura guztia eta ia 200 langile Langaritz Okara mugitu dituzte. Aiaraldean azken urtetan itxitako enpresen segida luzearen azken katebegia da LIDL.

Urriaren 17a zuten azken lan-eguna Laudioko LIDLeko pabiloian. Gaurdanik, Langraitz Okako "Los Llanos" industriagunean dute azpiegitura guztia martxan. Egun batetik bestera egin du supermerkatu kate alemaniarrak logistika zentroaren "trantsizioa".

Multinazionalak 2019an eman zuen bere lekualdaketa asmoen berri. Espazio falta argudiatu izan du LIDLek hau justifikatzeko. Hasiera batean Arabako Foru Aldundiaren Garapen Agentziarena den 111.687 metro karratuko gune batera mugituko zuten Laudioko biltegia, 7,25 milioi euro ordainduta. Gerora, 34 euroko inbertsioa egin, eta 36.500 metro karratuko azpiegitura sortu dute Langraitzen.

Langileen etorkizuna

200 langilek egiten zuten lan urriaren 17ra arte Laudioko LIDLen pabiloian. Multinazionalak lanpostu guztiak mantentzeko konpromisoa hartu zuen sindikatuekin negoziatutako lekualdaketa prozesuan, eta beharginen gutxiengo batek eskatu du baja boluntarioa soilik. Enpresak egunero garraioa jarriko du Laudiotik Langraitzera joateko, eta autobusa hartzen ez duten langileek dietak kobratuko dituzte. Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, Laudiokoak ez ezik, Hego Uribeko langile askok ere egiten zuten lan Laudion. Autobusa herri horietatik igaroko da ere.

Dena ez da hain erraza izan, ordea. Enpresa Batzordeak Laudioko eta eskualdeko lan poltsako behin-behineko langileak kontratatzea eskatu zion enpresari, Langraitzeko kokaleku berrian suertatu zitezkeen beharrak asetzeko. Sindikatuek eta enpresak baldintza hori hitzartu zuten arren, LIDLek Gasteizko behin-behineko langileak kontratatzeari ekin dio, kostuak merketzeko helburuarekin.

Industria birmoldaketan sakontzen

Industria pisua galtzen joan da azken hamarkadan Aiaraldean, LIDLen biltegiaren deslokalizazioa eskualdetik desagertu diren enpresen zerrenda luze bateko azkena besterik ez da. Joera argia da, eskualde industrial batetik zerbitzuetan oinarritutako eskualde batera ari gara igarotzen.

Aurten hainbat enpresek itxi dituzte ateak behin betiko gurean. Apirilean Orozkoko Calge-Lan enpresa itxi zuten, sei langile kalean utzita. Enpresak eskaera jaitsiera nabarmena pairatu zuen, eta ordaindu gabekoen zorra handia zuen. Egitura metalikoak egiten zituzten bertan, eta 1999. urtetik zegoen Orozkon. Garai oparoenetan 28 behargin izatera iritsi ziren.

Valvospain: 79 langile kale gorrian

Valvospainekoa da 2021ean desagertutako lantokien adibiderik adierazgarriena. Balbula industrialak ekoizten zituen Amurrioko Valvospain Industrial enpresak 1928an ekin zion bere ibilbideari, Lazaro Ituarte izenarekin. 2006an  Fluval eta MTS enpresekin batu eta Valvospain izena jarri zioten lantokiari.

2019ko maiatzean hilabete batez luzatu zen greba mugagabea hasi zuten langileek. Enpresa Batzordeak jakinarazi zuenaren araber,a urte horretako ekainean hartzekodunen lehiaketan sartu zen Valvospain. Hiru inbertsorek erakutsi zuten enpresa erosteko asmoa. Baina asmo hutsalean geratu zen dena, inork ez baitzuen seinale gisa jarri beharreko dirua jarri. Gauzak horrela, Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea ezarri zien Valvospainek langile guztiei 2021eko otsailean, eta martxoan langile guztiak kaleratu zituen, 79 guztira.

Gainbeherari eutsi nahian

Prespektiba handiagoarekin begiratuta ere, azken urteetako lantoki eta enpleguen suntsiketa ez da samurragoa izan. Aiaraldea eskualde industrial bat izateari uzten ari dio gutxika. Tubos Reunidosek igarotako estualdi ekonomiko eta azken urtean egindako berregituretatik hasita, Lipmesa, Norten, Vicalde edota Kider enpresen itxierara, etorkizun zail baten atarian utzi du azken hamarkadak Aiaraldea.

Datuek argi erakusten dute gainbehera. Eskualdean ekoizten den balio erantsi gordina geroz eta gutxiago dator industria sektoretik. Laudion, adibidez, balio erantsi gordinaren %47,3 zetorren industria eta energiatik 1996an. 2016an, aldiz, ehuneko hori %37,7ra jaitsi zen. Gainontzeko herrietan ere joera bera sumatu daiteke. Arakaldokoa da kasurik nabarmenenena: 1996an balio erantsi gordinaren %61a zetorren industria eta energiari lotutako enpresetatik. 2016an, aldiz, %8,2 baino ez zetorren sektore horretatik. Urduñan ere jaitsiera deigarria eman da: industriaren presentzia %40,9koa zen 1996an. Hogei urte beranduago, aldiz, %14,9koa zen.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide