Aiaraldeko Sortzaileen Katalogoa osatzeari ekin dio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Kultur ildoak (Kultur Faktoria). Eskualdeko sortzaile guztiei buruzko informazio ahalik eta osatuena biltzea izango da egitasmoaren xedea.
Auzolanean eratu nahi dute katalogoa. Horretarako, eskualdeko herritar orori luzatu diote ekimenean parte hartzeko gonbita. Formulario bat osatu dute horretarako. Galdetegi sinple horren bidez, eskualdeko edozein bizilagunek izango du bere sorkuntza lanari edota ezagutzen duen sortzaileren bati buruzko informazioa bidaltzeko aukera. Hemen ikusi eta bete daiteke formularioa.
Lehen isla, urtekarian
Laster plazaratuko dute katalogoaren behin behineko lehen bertsioa, hemendik eta igandera arte biltzen dituzten sortzaile guztiekin. Atal berezi bat izango du horretarako katalogoak Aiaraldea Komunikabideak ekoizten duen urtekarian.
Webgunea
Horrez gain, webgune bat ere atonduko du Kultur Faktoriak, eta fitxa bat atonduko du sortzaile bakoitzarekin. Aurreratu dutenez, urte amaieran irekiko dute atarian.