20:00etan bistaratuko da Emeki ikuskizun kolektiboaren emaitza. Aiaraldeko emakume* sortzaileak saretzea eta ikusgarritzea izan da helburua, besteak beste. "Emakume sortzaileen zikloa diseinatu genuenetik gure buruetan egon da ikuskizuna sortzea", aitortu du Nerea Iglesias Lili koordinatzaileak. Leire Sanjurjorekin batera aritu da azken asteetan emanaldia mamitzen, Faktoriako Kultura lantaldearen baitan.
"Emakume sortzaileen zikloa diseinatu genuenetik gure buruetan egon da ikuskizuna sortzea . Urrian kaleratu genuen ideia, eta parte hartze prozesua abiatu genuen"
Urrian kaleratu zuten ideia, eta parte hartze prozesua abiatu zuten. Modu horretan saretu dituzte eszenak, eta sortzaile asko harremantzea eta elkarlanean piezak osatzea eragin du proiektuak: "Partaideen artean zirriborratu genuen diseinua, eta barne munduaz hausnartzea erabaki genuen. Gainera, bilerako kide batzuen artean kolaborazioak sortu ziren, eta gaur arte lanean aritu dira".
Hauek dira gaur 20:00etan ikuskizun bateratua eskainiko duten artistak:
- Maied Urrutia
- Irati
- Izaskun Saratxaga
- Burbuilak taldea
- Aiarako batukada taldea
- Ainhize Solaun
- Paula Urquijo
- Nerea Valle
- La Familia Inventada
- Garazi Ureta
- Bego Cosgaya
- Garazi eta Irati Santa Cruz
- Janire Etxabe
- Ainhoa Comas
Azpimarratzekoa da emanaldiak izango duen arte diziplina bilduma: dantza bertikala, musika, poesia, batukada... Baita plazaratuko diren emakume eta identitate disidenteen sormen sorta anitza ere.
Emanaldi honekin itxiko dute 2022ko emakume sortzaileen zikloa, zehaztu dutenez. Sarrerak Faktoriako webgunean eskuratu daitezke doan, edo gunean bertan. Aiaraldea Komunikabideak ekimenaren jarraipen berezia egingo du webgunean.