Iker Colmenero, Iñaki Carro eta Hodei Muñoz Euskadiko Ziklokros Txapeldun berriak izan ziren larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 2a, 22:05

Aiaraldear gehiago igo ziren larunbatean podiumera; Andoni Etxebarria, Asier Beraza eta Gaizka Pujana. Horrez gain, Mirari Gotxik ere ia lortu zuen, laugarren sailkatu baitzen.

Abenduaren 31n Tolosan lehiatu zen Euskadiko Ziklokros Txapelketa eta Aiaraldeko txirrindulariak erabakigarriak izan ziren emaitzetan, 2021ean bezala. Hain zuzen, Iker Colmenero txapeldun izan zen Kadete kategorian eta Hodei Muñoz eta Iñaki Carro Junior eta Master 30 kategorietan, hurrenez hurren.

Edonola ere, ez ziren horiek buruan aritu ziren eskualdeko kirolari bakarrak. Andoni Etxebarri bigarren izan zen Master 30 diziplinan, eta sailkapen bera lortu zuten Asier Berazak Juniorren eta Gaizka Pujanak Master 40an. Aipatzekoa da Mirari Gotxi laudioarra podiuma zapaltzetik oso hurbil egon zela, laugarren zeharkatu baitzuen helmuga kadeteen artean.

Goraipatzekoa da Iker Colmenerok nagusitasunez irabazi zuela eta 2021eko emaitzak nabarmen hobetu dituela; laugarren izatetik onena izatera igaro baita. Juniorren lerroetan bi aiaraldear borrokatu ziren txapela eskuratzeko: Hodei Muñoz eta Asier Beraza. Muñozek beste Euskadiko Txapelketa gehitu dio bere palmaresari, 2021ean onena izan baitzen. Berazak, bere aldetik, kalitate saltoa eman du eta 2021ean bosgarren izan ondoren, 2022an zilarrezko domina eraman du etxera.

Iñaki Carrok 2021eko txapela berritu zuen, eta Andoni Etxebarri luiaondoarra izan zuen atzetik. Gaizka Pujanak, bere aldetik, bigarren postuan amaitu zuen eta Euskadiko Txapelketako zilarrezko dominari gehitu behar zaio abenduaren 19an irabazitako Arabako Txapelketa.

Azkenik, Mirari Gotxik laugarren postuarekin agurtu zuen Aiala Txirrindularitza Elkartea, hasiko den denboraldian beste talde batean arituko baita.

Argazkiak: Ataria.eus

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide