Ezin kabitu! jardunaldietan igo ziren oholtzara lehenbiziko aldiz, eta Bollurria ekimenean edota Ozen kolektiboaren jaialdi batean aritu dira gero, Bilboko Karmela espazioan. Gorputz eta jarrera ez normatiboak aldarrikatzea dute xede, oholtza gainean zein azpian.
Laudio eta Aretako bi gaztek osatzen duzue Warras Bizarras taldea. 10 urteko adin tartea dago bien artean. Nola batu zineten eta nola bururatu zitzaizuen elkarrekin proiektu hau egitea?
BitchesButch: Elkarren artean ditugun lagun komun batzuen bidez ezagutu genuen elkar. Egun batean Laudioko Keska tabernan genbiltzan kafe bat hartzen eta zer egitea gustatuko litzaigukeen esaten hasi ginen. Nik perfomance eredu zeozer egitea nuen buruan, eta berak DJ formatuko zerbait. Elkarrekin geratzeko data bat jarri genuen eta horrela hasi zen dena.
Zezenbehi: Bai. Nik behintzat sentitzen nuen jai giroan ez nuela nire gorputzarentzako espaziorik, eta hortik sortu zitzaidan jaia nire kabuz sortzeko grina.
Perfomancea, DJa… zertan datza zehazki Warras Bizarras?
BitchesButch: Faktorian Erreginen Gauan eskainiko duguna ezberdina izango da. Gu gustorago sentitzen gara espazio ez-mistoetan, eta toki horietan askoz ikusgaiago jartzen gara. Erdi biluzik jartzen gara eszenatoki gainean, bi pertsona lodi izanda, eta halakorik ez da inon ikusten.
Ez da ohikoa bi gorputz lodi erridikulua egiten ikustea. Hori da, azken finean, aldarrikatzen duguna: erridikulua, gauzak txarto egitea eta, hala ere, ondo pasatzea. Ez duzu ondo dantzatu edo abestu behar oholtza baten gainean jartzeko.
Zezenbehi: Ikuskizunak baditu zati dantzagarriak, baina beste zati batzuetan mezuak hartzen du protagonismoa.
"Gorputz lodien aldeko diskurtsoak, poliziaren aurkakoak, sexu langileen errealitatea, bollerena… gai horiek islatzen saiatzen gara. Jai-girorako pentsatutako musika da, baina tentu handiz hautatua"
BitchesButch: Abestiak jartzerako orduan pertsona disidenteen ahotsei lehentasuna ematen diegu. Saiatzen gara gizon zis heteroen kantak ez plazaratzen, gaur egun taberna guztietan entzuten delako musika hori.
Zezenbehi: Bai, lurralde guztiak konkistatuak ditu jada.
BitchesButch: Abestiek transmititzen dituzten mezuei ere ematen diegu garrantzia. Gorputz lodien aldeko diskurtsoak, poliziaren aurkakoak, sexu langileen errealitatea, bollerena… gai horiek islatzen saiatzen gara. Jai-girorako pentsatutako musika da, baina tentu handiz hautatua.
Perfomanceak egiterako orduan nahiko agerian geratzen gara. Orain arte egin ditugun kontzertuetan lehen abestian beti tranpatu izan naiz ni (barreak). Ez dut nahita egiten, baina jendea erlaxatzeko balio du. Eta gero tontoarena egiten dantzatzen hasten bazara, jendea oso gustora sentitzen da. Jende askok ez du dantzatu nahi, gaizki egingo duelakoan, eta ikuskizunaren amaieran pertsona bat baino gehiago etorri zaigu esanez giro ederra sortu dugula, jendea eroso egon dadin eta nahi duena egiteko aukera izan dezan, erabat aske izan dadin. Horregatik, erridikulua aldarrikatzea ere bada perfomancearen helburua. Erridikuluak gara. Mikrofonotik argi esan ohi dugu: ez dago dantza on edo txarrik, ondo edo gaizki abesten duten ahotsik. Abestu ere egiten dugu, abesten jakin gabe.
Orain arte hiru kontzertu egin dituzue, denak eskualdetik kanpo.
BitchesButch: Lehen kontzertuan ez genekien zer egin. Gauzak hala, berdin zuen zer gertatzen zen.
Zezenbehi: Inork ez gintuen ordura arte ikusi. Ez zegoen espektatibarik, beraz. Zaborra izan zitekeen, edo munduko gauzarik onena.
BitchesButch: Zaborra eta munduko gauzarik onena izatearen artean mugitzea gustatzen zaigu. Batzuetan pentsatzen dugu gaizki ateratzen bada ere hori ikuskizunaren parte izango dela, eta lasaitu egiten gaitu horrek. Ez ditugu gauzak perfekto egin behar.
Azpiegitura latzekin ere egin dugu topo. Bi pertsona lodi gara eta gure gorputzak batzuetan ez dira azpiegitura batzuetan sartzen. Ordenagailua beti izorratzen zaigu kontzertua hasi baino lehen eta beste bat utzi behar izaten digute. Espero dugu Faktorian halakorik ez gertatzea.
Orain arteko kontzertuetan Gipuzkoako jendea egon da batez ere, gure fan handienak dira (barreak).
Zezenbehi: Bai, toki guztietara jarraitzen gaituzte.
BitchesButch: Azken kontzertua Bilbon izan zen, Karmelan. Etxean egotea bezala izan zen, baina ilusio eta urduritasun askorekin.
Esan bezala, gaurkoa izango da Aiaraldean eskainiko duzuen lehen emanaldia. Bi berezitasun izango ditu. Alde batetik, espazio misto batean izango da eta, bestetik, euskarazko ikuskizuna eskainiko duzue. Moldaketa asko egin behar izan dituzue?
BitchesButch: Karmelan eskaini genuen kontzertua ere mistoa izan zen, baina egia da kasu hartan jende ez-normatibo asko zegoela.
Zezenbehi: Bertan Bilboko jendea nagusi, Faktorian ez bezala. Hemen eskualdeko jendea izango da gehiena, Laudio eta Amurrioko jendea, ezagutzen gaituena edo, ezagutzen ez bagaitu, seguraski gerora kalean gurutzatuko duguna. Horrek ere badu eragina.
BitchesButch: Jaiaren antolatzaileak nortzuk diren ere du garrantzia. Karmelako emanaldia Ozen kolektiboak antolatu zuen, oso jende disidentea. Faktorian, aldiz, jende gehiena ez da disidentea.
"Kontua ez da izan soilik gure sintonian zeuden euskarazko abestiak topatzea. Lana izan da baita ere euskarazko kanta horiek ez izatea gizon normatiboek abestutakoak. Erronka handia izan da hori"
BitchesButch: Bai, biharko ikuskizuna erabat berria izango da, euskaraz egin behar genuelako. Ez ditugu horrenbeste gauza aldarrikatuko abestien bidez. Guk oso gogoko ditugu erritmo latindarrak, eta euskaraz ez dago doinu horiek dituen abesti aldarrikatzaile askorik. Gainera, ez diegu gizon zisheteroei ahotsa eman nahi…
Zezenbehi: Bai, arazo gehigarria izan da hori. Kontua ez da izan soilik gure sintonian zeuden euskarazko abestiak topatzea. Lana izan da baita ere euskarazko kanta horiek ez izatea gizon normatiboek abestutakoak. Erronka handia izan da hori (barreak).
BitchesButch: Baina lortu dugu 2 ordu inguruko ikuskizun bat osatzea, oso parranda girokoa. Egingo ditugu baita perfomanceak ere, baina oso arinak.
Zezenbehi: Beno, leunak… tokiaren arabera.
BitchesButch: Bai, agian baliteke Faktorian zeozer berritzailea izatea, baina arinak izango dira ohikoan egiten ditugunekin alderatuta.
Aiaraldean musika talde bat sortzen denean normalean badu zirkuitu bat zirriborratuta: eskualdeko tabernak, gaztetxeak, jaietako txosnak… Ikusten duzue zuen burua oholtza horietan?
BitchesButch: Ez dugu horretan pentsatu (barreak).
Zezenbehi: Orain arte ‘sexilio’ moduko bat egin dugu…
BitchesButch: Bai, baina ‘sexilio idilikoa’ izan da, ez?
"Orain, Faktoriako kontzertuarekin, ate bat ireki daiteke, edo ez. Ikusiko dugu"
Zezenbehi: Bai. Baina orain, Faktoriako kontzertuarekin, ate bat ireki daiteke, edo ez. Ikusiko dugu.
BitchesButch: Bai, ikusiko dugu. Baina egia da baita toki normatiboetan diru gehiago ordaintzen digutela, eta horrelako proiektuek diruaren beharra dute. Erresistentzia kutxa baterako dirua biltzeko jaialdi bat egiten bada eta ekonomikoki indartsu ez dagoen kolektibo batek antolatzen badu ezin diegu diru kopuru zehatz bat eskatu. Tartekatzen joango garela uste dut. Eroso gauden tokietan arituko gara, funtsean. Niri pertsonalki txundituko lidake inperio normatiboak konkistatzea, ez agian horrenbeste perfomance eginda, baina bisualki oso ondo egongo litzateke bi pertsona lodi ikustea txosnako oholtzan erridikulua egiten eta publiko ez normatiboari deitzen. Jende disidentea animatuko genuke lehen lerrora gerturatzen eta hainbat aldarri plazaratuko genituzke jende zisheteronormatiboa apur bat deseroso jartzeko.
Baina, era berean, zuentzako deserosoa izan daitekeen espazio batean aritzea eskatuko lizueke horrek.
BitchesButch: Bai. Uste dut dauden tokiaren arabera diskurtsoa moldatuko dugula. Espazio ez-normatibo batean bagaude, gorputzen askatasuna aldarrikatu dugu. Oholtza normatiboetan, aldiz, gure presentzia aldarrikatzera joango ginateke. Bi aldarri oso ezberdin dira.
"Oso ondo egongo litzateke bi pertsona lodi ikustea txosnako oholtzan erridikulua egiten eta publiko ez normatiboari deitzen. Jende disidentea animatuko genuke lehen lerrora gerturatzen eta hainbat aldarri plazaratuko genituzke jende zisheteronormatiboa apur bat deseroso jartzeko"
Hori bai, beti ez dugu indarrik toki normatibo batera joan eta apurtzaileak izateko. Egoeraren arabera ikusiko dugu.
Zezenbehi: Bai, ikusiko dugu. Faktorian sortzen den giroa baliatuko dugu erreferentzia moduan etorkizunean sortu daitezkeen beste aukeretarako.
Hamar urteko aldea dago zuen bion artean. Adin ezberdintasun hori nabaritu egiten da ikuskizuna prestatzerako orduan?
BitchesButch: Bai, baina onerako, ez? Ni askoz reggaetoizaleagoa naiz, reggaetoi zaharrekoa.
Zezenbehi: Ni, aldiz, pop-tekno zaleagoa naiz.
BitchesButch: Hori da orain bogan dagoen musika. Elkarrekin ikasten goaz. Hitzak ere… pertsona honek oso arraro hitz egiten du niretzat, ingelesezko berba tekniko asko erabiltzen ditu uneoro, nik ulertzen ez ditudanak, eta oso modu arraroan ahoskatzen ditu.
Zezenbehi: Ahoskatzen diren moduan (barreak).
BitchesButch: Ondo dago adin ezberdintasuna izatea, elkar ikasten dugulako, ez dugu talkarik egin. Elkar osatzen joan gara. Horrez gain, ez dirudi hamar urteko tartea dagoenik gure artean.
Bata gazteagoa dirudielako edo bestea zaharragoa?
BitchesButch: Bera zaharragoa dirudi eta ni gazteagoa.
Zezenbehi: Bai, bidearen erdian egiten dugu topo (barreak).
"Ondo egongo litzateke reggaetoi abestien euskarazko bertsioak egitea. Existitzen edo topatzen ez dugun hori gure kabuz sortzea, alegia"
Etorkizunera begira, nola garatuko duzue ikuskizuna?
BitchesButch: Abestiak gehitzen eta kentzen ari gara uneoro. Une honetan bi orduko ikuskizuna egiten dugu, baina perfomaneceak ez ditugu abesti guztietan egiten, bi pertsona lodi gara eta ez dugu bi ordu jarraian dantzatzen egoteko sasoirik. Baina etorkizunean gustatuko litzaiguke perfomance gehiago sartzea, etorkizunean ikuskizun osoa perfomance bat izan dadin, abestien gure bertsio propioekin tartekatuta. Baina hori epe luzera begirako kontua da. Ondo egongo litzateke reggaetoi abestien euskarazko bertsioak egitea. Existitzen edo topatzen ez dugun hori gure kabuz sortzea, alegia.