Larunbatean hasiko du denboraldi berria Hitzetik hortzera telebista saioak. 21:00etan izango da emisio ordua, eta Amurrio Antzokian urtero egiten den bertso jaialdia izango du ardatz lehenbiziko programak. Hain zuzen, urtarrilaren 4an izan zen emanaldia, 2022ko Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko finalistekin, besteak beste. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen esanetara aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto eta Oihana Iguaran.
Amurrio ez da izango programan agertuko den eskualdeko toki bakarra. Izan ere, Aiaraldea Ekintzen Faktoria bisitatu zuen Eider Perez aurkezleak, Izar Mendiguren Cosgaya bertsolaria elkarrizketatzeko. Horrenbestez, Faktoriari buruz ere mintzatuko dira larunbateko telebista saioan.