Babes zabala jaso du Aiaraldeko Pentsiodunek ospitalera joateko autobus zerbitzua eskatzeko aurkeztutako mozioak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 31a, 11:00

Laudion atzo landu zen gaia. / Aiaraldea.eus

Proposamena ia erabateko adostasunarekin onartu da Aiara, Amurrio eta Laudioko Udaletan. EAJ, EH Bildu, Omnia, Aiara Batuz eta Orain Amurriok alde bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu egin da. Podemos Ahal Dugu-IUk, bere aldetik, ekimena aurkeztu du Batzar Nagusietan.

Arrakasta izaten ari da Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak eskualdeko udaletan aurkeztutako mozioak. Aiara, Amurrio eta Laudioko Udal Osoko Bilkuretan plazaratu dute dagoeneko testua, eta hiruretan onartu da, ia aho batez. 

Usansolo-Galdakaoko Ospitalera Aiaraldetik autobus-linea zuzen bat jartzea proposatu dute erretiratuek, orain dagoen garraio zerbitzuarekin bidaia luzeegia dela iritsita. “Orain, bataz beste, ordu eta laurden irauten du bidaiak, autobusa Bizkaiko hainbat herritatik igarotzen delako”, azaldu zuten pentsiodunek atzo Laudion eginiko Udalbatzan, “Badakigu kostoa izango lukeela, baina horretarako dago diru publikoa, jendearen bizitza errazteko”.

Horrez gain, ospitaleko osasun langileen egoera ere jarri zuten mahai gainean: “goizeko zortziak baino apur bat lehenago sartu behar dira txanda aldaketa egiteko. Gauzak hala, ezin dute ordu horretako autobus zerbitzua erabili, berandu iritsiko liratekeelako”. 

Ia erabateko adostasuna

EAJ, EH Bildu, Omnia, Aiara Batuz eta Orain Amurrio lerratu dira pentsiodunen proposamenaren alde. PSE-EEko zinegotziak, aldiz, abstenitu egin dira. “Ados gaude mozioan funtsarekin, baina ez testuaren erredakzioari lotutako zenbait konturekin”, azaldu zuen Loli Muriel zinegotziak atzo Laudioko plenoan. Bere hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundia da autobus zerbitzua ezarri behar duena, “eta mozioan ez zaio aipeman bat bera ere ez egiten”. 

Pentsiodunek erantzun zioten ez dutela erakunde hori aipatu Aiaraldeko udalerri gehienak Araban daudelako. Euren ustez, “Arabako Foru Aldundia izan beharko litzateke Bizkaikoarekin gai hau negoziatu beharko lukeena”. 

Kontuan hartu behar da Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila PSE-EEren eskuetan dagoela. Gauzak hala, Sail horretako foro diputatuarekin (Carlos Ibarlucea Martínez) hitz egiteko prestutasuna erakutsi zuen Loli Murielek, mozioak proposatzen duenarekin ados dagoela nabarmenduta. 

EAJk ere uste du gauza batzuk hobetu zitezkeela mozioaren erredakzioan. Hala azaldu zuen Ander Añibarrok atzoko plenoan, baina gaineratu zuen mozioaren bozkatuko zutela, “gauza batek ez duelako bestea kentzen”. Era berean, Laudioko alkateak jakinarazi zuen gaiarekin inguruan hitz egin dutela dagoeneko Arabako Foru Aldundiarekin, Aiaraldearentzako osatutako beheralako ekintza planaren testuinguruan. 

Urduña eta Okondon, otsailean

Mozioaren aurkezpenkin jarraituko dute pentsiodunek datozen asteetan. Aurreratu dutenez, otsailean aurkeztuko dute Urduña eta Okondon. 

Horrez gain, Arabako Batzar Nagusietara ere salto egingo du gaiak, Podemos Ahal Dugu-IUk ekimena aurkeztu baitu horri lotuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide