COVID-19 birusak eragindako pandemiaren bilakaeran mugarri berria finkatu du Osakidetzak pasa den astean argitara eman zuen txosten epidemiologikoak. Izan ere, 2022ko daturik apalena erdira murriztu da urtarrilaren 23tik 29ra bitartean.
Osasun zerbitzu publikoaren zenbaketaren alderik aipagarriena da Laudion kutsatu berri bakarra agertu zela, eskualdeko udalerririk populatuena izanda ere. Amurriok duela bi asteko kopuru bera errepikatu zuen, hiru, eta Aiarak eta Okondok kasu bana izan zuten.
Intzidentzia metatuaren tasaren esparruan, udalerri oro dago eremu gorritik at. Hau da, 100 baino gutxiago da tasa herri guztietan, nahiz eta Aiarak bere kopurua bikoiztu duen eta Okondon ere igo egin den. Bilakaera positiboena Orozkon, Urduñan eta Artziniegan jazo da, hutsean baitaude egun. Laudiok ere behera egin du eta 11,04an kokatu du bere tasa.
Edonola ere, ez da ahaztu behar birusak eragina duela oraindik ere osasun publikoan. EAEko 71 lagun daude ospitaleratuta eta 4 zendu ziren pasa den astean. Horrenbestez, pandemiaren hasieratik 8.429 herritar hil dira koronabirusaren ondorioz.