Itxaropenerako datuak utzi ditu Osakidetzak egindako azken txosten epidemiologikoak COVID-19 birusari buruz, positibo bat bera ere ez baita agertu eskualdean aste osoan, urtarrilaren 30etik otsailaren 5era bitartean.
Urrian abiatutako beheranzko joerak mugarria jarri zuen duela bi aste, 6 positibo soilik azaleratu baitzituzten. Baina pasa den astean marka guztiak gainditu zituen, gaixo berririk ez baitzen detektatu eskualde osoan eta 2020ko martxotik bildutako estatistikak iraultzen hasi dira.
Horrek eragin zuzena izan du intzidentzia metatuaren tasetan. Udalerri guztiak daude eremu gorritik kanpo. Artziniega, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Orozko eta Urduña zeroan kokatu dira. Besteen artean, soilik Okondok mantendu du bere kopurua 84,96an, Amurriok bere datua murriztu du eta Aiarak eta Laudiok erdira jaitsi dute.
Emaitza positiboak orokorrak izan dira EAEn osoan. 170 positibo baino ez ditu azaleratu Osakidetzak lurralde osoan azken astean. Halaber, gogoratu beharra dago asteazkenetik aurrera ez dela beharrezkoa izango maskara erabiltzea garraio publikoan.